Udaleko Ingurumen Sailak udaberri-udako bigarren eskuko azokaren 4. edizioa antolatu du maiatzaren 9rako
Errebal Plazan izango da, eta haurrentzako tailer bat ere izango da, material birziklatuekin osagarriak eta apaingarriak sortzeko. Azokan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, eta horretarako epea maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik, egun hori barne.
Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak jasangarritasunarekiko eta kontsumo arduratsuarekiko konpromisoa berretsi du, udaberri-udako Bigarren Eskuko Azokaren laugarren edizioa antolatuta. Hitzordua Errebal Plazan izango da maiatzaren 9an, eta objektuak berrerabiltzea sustatzeko eta hondakin gutxiago sortzeko ekimen garrantzitsutzat hartu behar da.
Udalak aurten egingo dituen hiru azoka tematikoetatik (udaberria-udakoa maiatzean, bizikletena irailean, eta Eguberrietakoa abenduan) lehenengoa da hau, eta oraingoan ohiko data aurreratuko du, herritarrek garaian garaiko artikuluak trukatzeko duten interesari erantzuteko. Ekonomia Zirkularraren esparruan, Eibarko herritarrak produktuen bizi-ziklokoaren protagonista bihurtzea du helburu ekimenak, hala, jada erabiltzen ez dituzten objektuek jabe berria aurkitzea ahalbidetuko da.
Eva Juez Garmendia Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, “urtero egiten ditugun bigarren eskuko hiru azokek oso harrera ona izaten dute, eta Eibarko ekonomia zirkularra sustatzen laguntzen dute”.
Erabilitako gauzak saldu nahi dituztenek bi modutan egin ahal izango dute. Batetik, postu bat (mahai bat) erreserbatu ahal izango da bakoitzak nahi dituen objektu erabiliak saltzeko; edo, bestela, erabilitako objektuak gordailu-zerbitzuan utzi ahal izango dira, gehienez ere egoera onean dauden 10 gauza, pertsona bakoitzeko; eta antolakuntzako taldea arduratuko da objektu horiek zaintzeaz eta saltzeaz. Horretarako, salgaiak larunbatean bertan (maiatzak 9) eraman beharko dira azokara, 9:00etatik 10:00etara bitartean.
Objektu horiek gordailu-zerbitzuan erregistratuko dira, saldu nahi dituen pertsonak egokitzat jotzen duen prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Kasu honetan, ez da onartuko arroparik, erabilitako osagarririk, ezta tamaina handiko objekturik ere.
Era berean, adierazi beharra dago lehentasuna emango zaiola nagusiki udaberri-udako hilabeteekin eta oporrekin zerikusia duten gauzen salmentari, hala nola kiroleko, bidaietako, hondartzako, kanpineko, liburuetako, musikako edo zinemako artikuluak. Beraz, postuak adjudikatzean, lehentasuna emango zaiei baldintza hori betetzen dutenei.
Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak azokara itzuliko dira salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.
Salmentako postu batean parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea eta adinez nagusia izatea. 943670249 telefonora deituz erreserbatuko da plaza, edo esteka honetan (www.merkabi.eus/eibar.) dagoen formularioa betez. Izena emateko epea apirilaren 27tik maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik, biak barne. Gordailuko salmentaren kasuan, ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, nahikoa da objektuak eramatea 9:00etatik 10:00etar bitartean.
Salerosketaz gain, ikuspegi hezitzailea ere izango du jardunaldiak, haurrentzako tailer bat ere egingo da-eta. Tailer horretan, birziklatutako materialak apaingarri eta osagarri bihurtzen ikasiko dute txikienek, hala, belaunaldi berriei ingurumen-kontzientzia zabaltzea helburu. Tailerra 3 eta 12 urte bitarteko umeentzat izango da, baina 5 urtetik beherakoek heldu batekin egon beharko dute. 11:30ean hasi eta 14:00ak aldera amaituko da. Plazak mugatuak izango direnez, bost txanda aukeratuko dira 11:30etik 13:30era bitartean, eta txanda bakoitzak 25 minutu inguruko iraupena izango du. Txanda Errebalen bertan erreserbatuko da azoka-egunean.
Bigarren eskuko azoka hau egiteko, Udalak dirulaguntza bat eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailari.
“Jendea salmentan parte hartzera animatu nahi dugu, baina baita bigarren eskuko azoka bisitatzera ere, zeinean askotariko artikuluak egongo diren salgai” proposatu du Eva Juezek.