Eibarko Udala
gizartekintza

Udaleko Gizartekintza Sailak diagnostiko integral bat bultzatuko du bizitzako etapa guztietan gerta daitezkeen nahi gabeko bakardadeei buruzkoa

2026/05/04
Artxiboko irudia. Eibar.
Eibar.

Errealitate sozial hori ikuspegi zabal batetik aztertuko du Udalak, adin eta bizi-egoera guztiak aintzat hartuz. Udalerriko gizarte-kohesioa eta ongizate emozionala indartzeko ekintza-plana diseinatzeko oinarria izango da azterketa.

Eibarko Udalak nahi gabeko bakardadeei buruzko diagnostiko integrala jarri du abian, gizarte-errealitate hori sakon ezagutzeko eta hura prebenitzen eta lantzen lagunduko duten estrategia eraginkorrak diseinatzeko. Azterketa hau herritar guztiei zuzentzen zaie, eta adin tarte guztiak hartzen ditu, hasi haurtzarotik eta gaztarotik eta helduaro eta zahartzaroraino.

Tradizionalki, nahi gabeko bakardadea adineko pertsonekin lotu izan da nagusiki. Hala ere, azken urteotan agerian geratu da fenomeno horrek beste kolektibo batzuei ere eragiten diela, hala nola gazteei, egoera zaurgarrian dauden helduei, guraso bakarreko familiei edo iritsi berriei. Horregatik, diagnostiko honek begirada zabal eta inklusiboa izango du, eguneroko bizitzan bakardadearen modu ezberdinak identifikatzeko aukera emango duena.

Prozesuan zehar, informazioa bilduko da inkesten, elkarrizketen eta parte hartzeko espazioen bidez, eta herriko gizarte-, hezkuntza-, osasun- eta komunitate-eragileekin lan egingo da. Horrela, Eibarren dauden esperientzien eta beharren aniztasuna islatuko duen ezagutza partekatu nahi da. 

Diagnostikoak, nahi gabeko bakardadeen kausak eta ondorioak aztertzeaz gain, dagoeneko badauden baliabideak eta laguntza-sareak aztertuko ditu, laguntza horiek indartzeko eta gizarte-lotura, ongizate emozionala eta komunitate-kohesioa sustatuko dituzten ekimen berriak sortzeko.

Jon Iraola Eibarko alkateak fenomeno honi aurre hartu eta ikuspegi komunitario batetik heldu behar zaiola azpimarratu du: “Eibar beti izan da hurbiltasuneko sare sozial indartsua izan duen herri bat. Diagnostiko hau aukera egokia da lotura horiek indartzeko eta egungo erronketara egokitzeko. Nahi duguna da inor ez sentitzea bakarrik bere egunerokoan, eta, horretarako, ezinbestekoa da gizarte bezala bizi dugun errealitatea ondo ezagutzea”.

Halaber, gaineratu duenez, “erakundeok lideratu egin behar dugu, baina baita lagundu ere. Nahi gabeko bakardadeari eman beharreko erantzuna ezin da soilik instituzionala izan; guztion artean eraiki behar da, Eibar bizirik mantentzen duten auzoetatik, elkarteetatik eta eguneroko harremanetatik”.

Zentzu horretan, Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu duenez, “nahi gabeko bakardadeak ez die soilik adineko pertsonei eragiten. Badakigu bizitzako edozein unetan gerta daitekeela, eta Eibarren zer kasutan gertatzen den hobeto ulertu nahi dugu, modu eraginkorragoan jokatu ahal izateko”.

Era berean, azpimarratu duenez, “diagnostiko honek aukera emango digu herritarrei zuzenean entzuteko, haien esperientziak ezagutzeko eta errealitatearekin bat datozen erantzunak eraikitzeko. Eta entzute aktibo horrekin, loturak sortu eta kide izatearen sentimendua indartuko duten politika publikoak sustatu ahal izango ditugu”. 

“Auzokideen eta herriko erakunde eta profesionalen inplikazioa ezinbestekoa da erronka kolektibo honi aurre egiteko. Guztion artean lortu dezakegu Eibarren inor bakarrik ez sentitzea”.

Udalak parte hartzeko deia egiten die herritarrei, errealitate hau ikustaraztearen eta kolektiboki inplikatzearen garrantzia azpimarratuz. Nahi gabeko bakardadearen aurkako borroka denon erronka da, eta erakundeen, entitateen eta herritarren lankidetza eskatzen du.