Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalbatzak onartu egin du Errebalgo funtzio anitzeko eraikinaren obrak egiteko proiektua

Udalbatzak onartu egin du Errebalgo funtzio anitzeko eraikinaren obrak egiteko proiektua

2018ko abenduaren 19an egindako bilkura berezia.

2018/12/20

Miguel de los Toyos alkatea pozik azaldu da urrats honekin, izan ere, lizitaziora aterako baitira egiteko dauden lanak eta berriz ere obrei ekingo zaie ahalik eta lasterren.

Eibarko Udalak atzo eguerdian onartu zuen Errebaleko funtzio anitzeko eraikinaren eta kultur ekipamenduaren proiektu birmoldatua. Onartutako dokumentua Injelan SM enpresak aldez aurretik egindako proiektuan oinarritzen da; egitasmo horri aldaketa batzuk gehitu dizkiote udal talde politikoek. Proiektua onartu ondoren, fase berri bat zabaltzen da Errebalgo obrak lizitaziora ateratzeko eta atzera ere lanei ekiteko.

Injelanek egindako proiektuak aldaketa puntualen bat jasotzen du; nagusiena da energia hornitzeko biomasa-galdarak jartzeko proposamena, hasieran aurreikusita zegoen berokuntza-sistemaren ordez. Aldaketa horiek ez dakarte gehikuntzarik obra-aurrekontuaren zenbatekoan, partida-aldaketa bat egin baita proposamenak gehitu ahal izateko.

Dragados enpresari obren kontratua deuseztatu ondoren —kontratu horren hainbat baldintza urratzeagatik—, Udalak, joan den ekainean, berriz ere ekin zion egiteko dauden obrak gauzatzeko prozesuari, proiektu birmoldatuaren idazketa lizitaziora atera zuenean. Dokumentu berria aurkeztu eta onartu ondoren, hurrengo pausoa lanak lizitaziora ateratzea da. Datorren astean urrats berri bat emango da, izan ere, aurreikusita dagoenez, lizitazio berriaren agiria Ogasun Batzorde batean aztertuko da eta, hala, abenduko Ohiko Bilkuran landuko da.

Udalbatzak birmoldatutako proiektu hau onartuta, Miguel de los Toyos alkateak poza adierazi du Errebalgo funtzio anitzeko eraikin berria errealitate izateko aurrerapen honengatik. “Jarraitzen dugu urrats sendoak ematen Eibar herriarentzat hain garrantzitsua den egitasmo hau gauzatzeko”, adierazi du. “Prozesuan sortu dira arazoak, baina horiek konpontzen ari gara, eta ahalik eta lasterren errealitate izango da funtzio anitzeko eta kultur ekipamenduko gune hau, eibartarrendako espazio bat eta merkatu-plaza bat izango dituena. Oraindik urrats garrantzitsuak eman behar dira, baina orain arte lortu duguna Gobernu-taldeak egitasmo honekin duen konpromisoaren adibide garbia da.”