Eibarko Udala
Aste Santua

Udalak umeen aisialdia bultzatu nahi du Ipuruan ur-puzgarriak jarrita Aste Santuan

2025/04/07
Kartela.

Aste Santuko oporraldian ur-puzgarriekin ondo pasatzeko aukera izango dute gazte eibartarrek.

Eibarko Udalak, umeen ongizatearekin, jarduera osasungarrien sustapenarekin eta  aniztasunarekin duen konpromisoa oinarri, hainbat jarduera antolatu ditu apirilerako eta maiatzerako, adin ezberdinetako  jendeari begira.

Aste Santuko oporretan, Udalak jarduera bat antolatu du Ipuruako igerilekuan: ur-puzgarriak. Proposamen ludiko honek txikienak asebetetzea du helburu.Apirilaren 14, 15, 16, 22, 23, 24 eta 25ean, Ipurua Kiroldegia ur-parke bilakatuko da, eta hainbat puzgarri eta jolas egongo dira, 4-13 urte bitartekoentzat (17:00etatik 19:00etara).

Adinaren arabera banatuko da ordutegia, parte-hartzaile guztiek ondo pasatzeko beharrezkoa den segurtasuna bermatuta. 17:00etatik 18:00etara 4-8 urte bitartekoen txanda izango da; heldu batekin joan beharko dira (laguntzera doazen helduek ez dute sarrera ordaindu beharko). 9-13 urtekoak 18:00etatik 19:00etara aritu ahal  izango dira.

Kiroldegiko bazkideentzat dohainik izango da sarrera; bazkide ez direnek, berriz, sarrera ordaindu beharko dute, ohiko prezioan (4,95 euro).

Jon Iraola Eibarko alkatea pozik agertu da ekimen honekin: “Udalak bizimodu aktiboa bultzatzearen eta familiarteko ekintzak antolatzearen aldeko apustua egiten du. Jarduera honek oporretan ondo pasatzea ahalbidetzeaz gain, umeen eta gure udal-instalazioen arteko lotura indartzen du, denonak dira-eta”.

Elkarrizketa eta enpatia: Giza Liburutegia Eibarrera iritsiko da, kultura-aniztasuna bistaratze aldera.

Bestalde, Juan San Martin Liburutegia eta Eibarko Udaleko Immigrazio eta Kultura-Aniztasuna Unitateak “Giza Liburutegia” ekimena antolatu du maiatzaren 14rako. Giza Liburutegiak estereotipatuak izaten diren pertsonak “irakurtzea” ahalbidetzen du, baita haien atzean dauden istorioak ezagutzea eta oraindik ere gure gizartean dauden aurreiritziak desagerraraztea ere. Ekimen honen bidez, oso bizimodu desberdina duten pertsonen arteko elkarrizketa sortzea lortzen da, batez ere, beste espazio batzuetan elkartzeko aukerarik ez dutenen kasuan. Azken finean, liburutegiak sozializatzeko guneak dira.

Proiektu honetan liburuak ez dira ohikoak, esperientziak elkarrekin trukatzen dituzten pertsonak baizik. Parte-hartzaileek liburu hauek “maileguan hartu” eta haiekin elkarrizketa lasai eta irekia izan dezakete.

Giza Liburutegiaren ekimena  maiatzaren 14an egingo da Juan San Martin Liburutegian, 18:30etik 19:30era. Saio horretan, kultura anitzeko eibartarrek bertaratutakoekin partekatuko dituzte beren bizipenak, herrian kultura-aniztasunaren inguruko sentsibilizazioa bultzatu eta  aurreiritziak uxatze aldera.