Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak prozesu bat ireki du dibertsitate funtzionala duten eskola-adineko haurrei kirola egitea errazteko

 Eskola Kirol Egokitua (EKE) programaren aurkezpeneko irudia.

Eskola Kirol Egokitua (EKE) programaren aurkezpeneko irudia.

2021/11/10

Interesa duten familiek izena emateko epea zabalik egongo da azaroaren 12tik 26ra bitartean Ipuruako kiroldegian eta telefonoz. Udalak lanean dihardu Foru Aldundiarekin eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin batera, Eskola Kirol Egokitua (EKE) programa behin betiko martxan jartzeko.

Eibarko Udalak prozesu bat jarri du abian Eskola Kirol Egokitua (EKE) programa aurrera eramateko, alegia, dibertsitate funtzionala duten eskola-adineko haurrei kirola egiten laguntzeko. Horretarako, Udalak epe bat emango du azaroaren 12tik 26ra gurasoek izena eman dezaten, hala, haien seme-alabek programan parte hartu ahal izateko.

Eibarren EKE programa abian jartzearekin zerikusia duten planen berri emateko, prentsaurrekoa eskaini dute gaur jarduera horretan inplikatuta dauden hiru erakundeetako ordezkariek: Udala berak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioak.

Orain martxan jarri nahi den ekimenak maiatzean Udalaren eta gurasoen artean egindako bilera batzuetan du oinarri; Bilera haietan, Eibarko ikastetxeetan dauden eta dibertsitate funtzionala duten seme-alaben gurasoek adierazi zuten egungo eskola-kirolaren eredua ez dagoela egokituta dibertsitate funtzionala duten ikasleen premietara. Orduz geroztik, egoera horri soluzio bat emateko ahaleginak egin dira.

Hortik abiatuta, Udala bi arlotan hasi da lanean. Alde batetik, eta epe ertainera begira, programa honen funtzionamendu-eredua “berraztertzea” planteatzen da, inplikatutako erakundeekin eta herriko guraso-elkarteekin koordinatuta, azken horiek baitira, finean, jarduera horiek diseinatu eta antolatzen dituztenak. 

Eta epe laburrean, eredua zehaztu bitartean, eta haur horiek beren beharretara egokitutako kirol-jarduerak egiten has daitezen, Udalak izena emateko epe bat jarri du abian, gurasoek beren seme-alabak inskribatu eta taldeak osatu ditzaten, umeak ikasturte honetan bertan kirol egokitua egiten has daitezen.

Jon Iraola alkateak hauxe adierazi du: “Kontuan hartu behar da talde horiek osatzeko kasu bakoitza banaka aztertu behar dela, egoera bakoitza desberdina eta bakarra delako eta, beraz, zerbitzuaren eskaintza-planteamendua berezitua izango delako. Aldi horren ondoren, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioa familiekin biltzea aurreikusi da, urtarrilean zerbitzua behin betiko abiarazteko. Gure lana pertsona guztien eskubide eta aukeren berdintasuna bultzatzea da, haien kondizioa gorabehera. Urrats garrantzitsu eta beharrezkoa da ume horiek beren kideekin kirola egiteko eskubidea bermatzeko”.

Familiek izena emateko epea ostiralean zabalduko da, azaroak 12, eta azaroaren 26an amaituko. Izen-ematea Ipuruako kiroldegian egin daiteke modu presentzialean edo 943 203240 telefonora deituta.