Udalak Orbeako kiroldegiko dutxetan egindako jardueren berri eman du
Udalak azpimarratu du jarduera guztiak Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak aintzat hartuz eta indarrean dagoen osasun-araudia betez egin zirela.
Orbea kiroldegiko dutxak zabalik daude gaur egun, prebentzio-neurri gisa behin-behinean itxita egon ondoren, instalazioko ur bero sanitarioaren sisteman legionelaren ezohiko balioak aurkitu zirenean.
Joan den otsailaren 23an, Eusko Jaurlaritzak laginak hartu zituen Orbea kiroldegiko hiru laginketa puntutan: emakumeen igerilekuko aldagelako dutxan, ur bero sanitarioaren itzuleran eta metagailuan. Azken puntu horretan detektatu ziren legionela spp-ren ezohiko balioak.
Lortutako emaitzen aurrean, Eusko Jaurlaritzak errekerimendua egin zion kiroldegiari honako hau eskatuz: lehenik eta behin, eragindako instalazioa gelditzeko, kasu honetan, emakumezkoen aldagelako dutxak; bigarrenik, ur bero sanitarioaren sistema berehala garbitzeko eta desinfektatzeko; eta, hirugarrenik, hartutako neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko analisi berrien bidez, indarrean dagoen araudian ezarritako epeen arabera.
Hasiera-hasieratik, Eusko Jaurlaritzak emandako jarraibideen arabera jokatu zuen Eibarko Udaleko Kirol Sailak, eta bete egin zituen dutxak segurtasun-baldintzetan irekitzeko egindako eskakizunak.
Hala, joan den martxoaren 20an, sistemaren hiperklorazioa egin zen, trukagailu berri bat instalatu ondoren. Gainera, hainbat esku-hartze egin ziren metagailuetan, eta talka termiko bat ere egin zen, alegia, dutxetako uraren tenperatura 70 graduraino igo zen; horrez gain, metagailuak purgatu ziren.
Araudiak ezarritako nahitaezko hamabost egunak igaro ondoren, hain zuzen, apirilaren 7an, Eusko Jaurlaritzak lagin berriak hartu zituen sareko hainbat puntutan.
Azkenik, apirilaren 21ean, Eusko Jaurlaritzaren aldeko emaitza analitikoak jaso ondoren, dutxak berriro irekitzeko baimena eman zen, dena ondo baitzegoen.
Jon Iraola Eibarko alkateak hauxe adierazi du: “Kirol Sailak berehala jardun zuen, ikuspuntu tekniko eta sanitariotik egin behar zuen guztia eginez, betiere erabiltzaileen segurtasuna kontuan hartuta. Une oro, Eusko Jaurlaritzak horrelako egoeretarako emandako jarraibideak eta eskakizunak bete ziren, eta, ondorioz, instalazioa berriro ireki zen, behin egoera bideratu ondoren. Hortaz, Kirol Arloak ondo jokatu du.”
Era berean, alkateak lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan die instalazioaren erabiltzaileei: “Berriz ireki zenean, beharrezkoak diren osasun berme guztiak zituen. Udalaren lehentasuna erabiltzaileen osasuna babestea izan da beti”.
Andoni Ameztoy Eibarko Udaleko Kirol zinegotziak ere Kirol Sailak prozesu osoan zehar egindako lana defendatu du. “Hasieratik zorrotz bete ditugu Eusko Jaurlaritzak emandako jarraibide tekniko eta sanitario guztiak. Gure lehentasuna izan da erabiltzaileen segurtasuna bermatzea eta arduraz jokatzea”, adierazi du.
Ameztoyk azaldu duenez, “instalazioa ez zen berriro ireki, harik eta aldeko emaitza analitikoak eta dagokion baimena izan arte”, eta berriz ere zera esan du: “Zerbitzua berriro martxan jartzeko eskatzen ziren baldintza guztiak bete ditu udalak, berme guztiekin”.
Eusko Jaurlaritzaren errekerimenduan jasotako beste obligazio bat erabiltzaileei egoeraren berri emateko betebeharrari buruzkoa zen. Horren aurrean, Udaleko Kirol Sailak informazio-kartelak jarri zituen honako mezu honekin:
“Dutxak zerbitzuz kanpo egongo dira aldi baterako, kiroldegiko ur bero sanitarioaren sisteman egin beharreko mantentze-lan zuzentzaile sanitarioak direla eta”.
Hortaz, uste izan zen emandako informazioarekin komunikazioaren betebeharra eta osasun agintariek ezarritako errekerimenduak betetzen zirela.
Horren harira, alkateak adierazi duenez, “argi dago iritzi ezberdinak egon daitezkeela horrelako egoera baten berri emateko moduaz edo ea komunikazioak legionelari erreferentzia esplizitua egin behar ote zion. Zintzoki ulertu genuen, ezen egin beharreko lanen izaera zuzentzaile sanitarioa esplizituki aipatuz, informatzeko genuen eginbeharra betetzen genuela. Dena dela, kontua ikastea eta gauzak hobeto egitea da eta, beraz, gertatutakoa kontuan hartuko dugu etorkizunean antzeko gorabeherarik gertatuz gero”.
Alkateak zera azpimarratu nahi izan du: “Komunikazio gai hau alde batera utzita, gai honen kudeaketa tekniko-sanitarioa azkar eta txukun konpondu da, Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak zorrotz betez eta uneoro instalazioaren erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko eskatzen diren baldintza guztiak errespetatuz, horixe izan baita da beti gure lehentasuna”.
Era berean, Udalak argitu nahi du otsailean Orbeako igerilekua ixteak ez duela zerikusirik gertaera horrekin. Kasu hartan, instalazioak itxi ziren, ezin izan zirelako behar bezala kontrolatu hezetasun-mailak, erregulazio hori kontrolatzen zuen urrutiko agintea galdu zelako, eta, horren ondorioz, instalazioa itxita egon behar izan zen gailua ordeztu arte.
Gobernu-kideari dagokionez argi utzi nahi izan da erabakia talde sozialistak kudeatutako Kirol arloak hartu zuela, eta ez udal-talde guztiek ordezkaritza duten Kirol Batzordeak. Horrela, argi utzi nahi da EAJ prozesu honetan hartutako edozein erabakitik kanpo egon dela eta ez duela inoiz jakin legionela arazoa zela. Jaso zuen informazio bakarra izan zen dutxetako konponketak eta mantentze-lanak zirela.
Azkenik, Udalak gogorarazi du horrelako gertaerak nahiko ohikoak direla ur bero sanitarioko, klimatizazioko eta aireztapeneko sistema konplexuak dituzten kirol-instalazioetan. Orbeako instalazioek autokontrolerako plana dute, gaur egun, eguneratze-prozesuan dagoena, halako egoeren aurrean prebentzioa indartzeko.
Eibarko Udalak barkamena eskatzen du dutxak zerbitzuz kanpo egon bitartean erabiltzaileei eragindako eragozpenengatik, eta eskerrak eman nahi dizkie instalazioaren osasun-segurtasuna bermatzeko egin beharreko jarduerak egiten ziren bitartean erakutsitako pazientziagatik.