Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak martxan ipini ditu 195.000 euroko dirulaguntza bi, gure herriko ekonomia- eta industria-sarea dinamizatzeko eta sendotzeko

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2023/07/20

Enpresak lekuz aldatu, handitu edota modernizatzeko eta enpresa-proiektu berriak garatzeko programak dira. Udalak 45.000 euro eta 150.000 euro jarri ditu hurrenez hurren aurtengo deialdietarako.

Eibarko Udalak, Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Udal Sailaren bitartez, abian jarri ditu hiriaren industria- eta ekonomia-jarduera dinamizatzeko, sendotzeko, modernizatzeko eta bultzatzeko laguntzak, 195.000 euro guztira. 

Jon Iraola alkateak zera esan du: “Une honetan, zeinean enpresa-proiektu berri bat martxan jartzea edo lehendik dagoena garatzea hain erronka handia den, honelako laguntzak baliagarritasun berezikoak dira enpresei laguntzeko eta gure hiriko sare ekonomikoa sendotzeko.”

Eibarko enpresak lekuz aldatzeko, handitzeko edota modernizatzeko

Alde batetik, Eibarko enpresak lekuz aldatu, handitu edota modernizatzeko programa dago, eta horrek 45.000 euroko partida du. Hala ere, diru-kopuru hori agortu eta baldintzak betetzen dituen eskaerarik baldin badago erantzuteke, Udalak aurrekontuko partida % 20raino handitzeko asmoa du.

Dirulaguntza hau jaso nahi duten enpresek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte. Enpresa-jarduerak helbide soziala eta fiskala Eibarren izan behar ditu, baita lantokia ere. Era berean, udal-jarduerarako lizentziei buruz indarrean dagoen araudia bete behar dute, eta enpresaren instalazioak Eibarko udalerriaren barruan lekuz aldatu, handitu edota modernizatu; edo, 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra Eibarrera etorritako enpresak izan behar dira. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ere alta emanda egon beharko dute 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek izango dira: lekualdatzeko edo handitzeko/modernizatzeko behar den aholkularitza-gastuari dagozkionak (ahokularitza fiskala, lanekoa, kontabilitatekoa, teknikoa, juridikoa edo administratiboa); jarduera ekonomikorako lokalak erosteko inbertsioa eta lokalak eraberritzeko eta egokitzeko obrei dagozkienak; edo instalazio teknikoetan, makinerian, tresnerian, altzarietan, informazio-prozesuetarako ekipoetan edo aplikazio informatikoetan egindako inbertsioetakoak.

Deialdi honen berritasun gisa, energiaren eraginkortasuna edo efizientzia hobetzeko berritze- eta egokitze-lanak eta negozio-eredu iraunkorragoak sortzeko inbertsioak ere lagunduko dira, hala nola, hondakinak murrizteko eta kudeatzeko, energia berriztagarriko komunitate edo kooperatibetan parte hartzeko eta berotegi-efektuko gasak murrizteko gastuak.

Diruz lagundu daitezkeen jarduketa horiek guztiak dirulaguntzaren xedea lortzeko egin beharko dira eta, haien existentziaren (faktura) eta ordainketaren agiriak egiaztatzeaz gain, ezarritako epean egin beharko dira.

Udalak emango duen dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 90 izango da, gehienez ere 6.000 €.

Dirulaguntzok eskuratzeko aukeratik kanpo geratzen dira entitate hauek: partaidetza publikoa duten enpresak, sozietate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta diru irabazi asmo bariko fundazioak eta elkarteak. Ostera, dirulaguntza hauek eskuratzeko aukera izango dute Eusko Jaurlaritzak laneratze-enpresatzat dituen entitateek eta laneratze-enpresen erregistroan inskribatutakoek, baldin eta sortu berriak badira.

Tabakoa saltzen duten enpresek, gasolindegiek, jolas-aretoek, joko- eta apustu-enpresek ere ezin dute laguntzarik jaso.

Gainera, eta nobedade bezala, aurten, 50 langile edo gutxiago (erronka teknologikoak) dituzten Eibarko enpresen lehiakortasuna hobetzeko azterlanak eta ekintzak egiteko laguntzak eskatzen dituzten industria-enpresek ezin izango dute dirulaguntza hau eskatu inbertsioengatik, baina bai diruz lagundu daitezkeen gainerako kontzeptuengatik.

Dagoeneko zabalik dago eskaerak aurkezteko epea; 2023ko azaroaren 3an amaituko da, egun hori barne. Eskaerak elektronikoki egin behar dira Udalaren www.eibar.eus webguneko "Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak" izeneko ataletik. Eskaerak deialdian zehazten den dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira.

Eibarren enpresa-proiektu berriak garatzen laguntzeko programa

Bestalde, martxan dagoen bigarren laguntza-programa Eibarren enpresa-proiektu berriak garatzeko laguntzari buruzkoa da. Horren bidez, Udalak enpresei proiektu berriak martxan jartzeko egin behar izaten diren gastu eta inbertsioetan lagundu nahi die, eta aurtengo deialdian, berritasun gisa, barne-ekintzailetzako prozesu batetik sortutako ekimenak daude sartuta.

Programa honetarako, Udalak 150.000 euroko partida jarri du aurten. Kopuru hori % 20 handitu liteke, baldin eta, hasierako diru-zuzkidura agortu eta baldintzak betetzen dituzten eskaerak erantzuteke geratu badira.

Horrela, hiru dirulaguntza lerroren bidez sustatuko da enpresa-proiektu berrien sorrera: negozio estrategiko eta berritzaile berriak sortzea; Eibarko negozioen transmisioa edota jarraipena sustatzea, jarduera ekonomikoari eusteko; eta, merkataritza-intereseko eremuetan, kalean bertan hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzea.

Hiru dirulaguntza lerroen baldintzak Udalaren web-orrian kontsulta daitezke (www.eibar.eus), baina azpimarratu behar da dirulaguntza horiek eskatzen dituzten enpresei beren jarduera Eibarren egitea eskatzen zaiela, zerga- eta gizarte-helbidea herrian izan behar baitute. Halaber, alta emandako jarduera/enpresa gutxienez hamabi hilabetez mantendu behar dute, eta jarduera 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 30era bitartean hasi behar dute, erreferentzia gisa JEZeko alta hartuta.

Gainera, 1. lerroaren araberako dirulaguntza eskatzen duten enpresei, hau da, negozio estrategiko eta berritzaileak sortzeko eskatzen dutenei, jarduera arlo hauen inguruan garatzeko eskatuko zaie: industria, fabrikazio aurreratua, doitasun-ingeniaritza, digitalizazioa, findtech, klima-aldaketa eta energia jasangarria edo kirolari aplikatutako teknologia. Gainera, barne-ekintzailetzako prozesu batetik sortutako negozioak badira, JEZ bereizia izan beharko dute —2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 30era bitartean alta emandakoa—, enpresaren aurretiko jarduerari eutsi beharko diote eta gutxienez lanpostu bat sortu, pertsona sustatzailearena barne.

3. lerroko dirulaguntza eskatzen dutenei dagokienez, baldintza orokorrak betetzeaz gain,  hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzeko lerroa, txikizkako merkataritzara, pertsonei zuzendutako zerbitzuetara, balioa edo kalitatea ematen duten ostalaritza-ekimenetara edo eremua merkataritza suspertzeko interesgarritzat jotzen den beste edozein jardueratara bideratu beharko dira. Lokalek zero kotan egon beharko dute eta lokal huts asko edo merkataritza-jarduera tasa txikia duten kaleetan. Gainera, jardueraren titularrak hamar langile baino gutxiago izan behar ditu.

Laguntza hauetatik kanpo geratzen dira tabakoa saltzen duten establezimenduak, gasolindegiak, jolas-aretoak, joko- eta apustu-aretoak, farmaziak eta ibilgailuen kontzesiodunak; baita hiriguneko kaleetako negozioak ere (San Juan, Toribio Etxeberria, Julian Etxeberria, Zuloagatarren, Untzaga plaza eta Fermin Calbetón), ez baitira merkataritza-jardueraren tasa baxuko kaletzat jotzen.

Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa hauxe izango da: 10.000 euro negozio estrategiko eta berritzaile berriak sortzeko, 8.000 euro negozioen transmisiorako edota jarraitutasunerako eta 7.000 euro merkataritza-lokal hutsak berreskuratzeko.

Azkenik, eta laneratzea sustatzeko, Udalak laguntzak beste 1.500 eurorekin gehitzeko aukera eskaintzen du. Hortaz, 500 euro gehiago izango dira gutxienez pertsona sustatzaileen erdiak emakumeak badira, beste 500 pertsona sustatzaile edo bazkideren batek 30 urte  baino gutxiago edo 45 urte baino gehiago baditu, eta beste 500 euro enplegua sortzeagatik,  pertsona ekintzaileak kontuan hartu gabe.

Kasu guztietan, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira ezarritako epean eta dirulaguntzaren xedea lortzeko egiten direnak, eta ordainketaren eta fakturaren dokumentazio frogagarriak egiaztatu behar dira.

Dirulaguntzok eskuratzeko aukeratik kanpo geratzen dira entitate hauek: partaidetza publikoa duten enpresak, sozietate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta diru irabazi asmo bariko fundazioak eta elkarteak. Ostera, dirulaguntza hauek eskuratzeko aukera izango dute Eusko Jaurlaritzak laneratze-enpresatzat dituen entitateek eta laneratze-enpresen erregistroan inskribatutakoek, baldin eta sortu berriak badira.  

Laguntza hauetatik kanpo daude, halaber, aurreko edizioetan dirulaguntza honen onuradun izan diren enpresak eta lehen mailako ahaideen arteko titulartasun-aldaketa hutsagatik sortutako enpresak. Ez dira baztertzaileak izango lehen mailako ahaideen arteko titulartasun-aldaketak, erretiroa, heriotza, ezintasuna edo ezinbesteko arrazoiengatik egiten direnean.

Programa honetarako eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta 2023ko azaroaren 29an bukatuko da. Eskaerak elektronikoki izapidetu beharko dira, Udalaren web-orriaren bidez (www.eibar.eus) “Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak” atalean, eta laguntzen deialdian zehazten den dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira.