Eibarko Udala

Udalak laguntzak emango dizkie beste behin herriko industria-enpresa txiki eta ertainei lehiakortasuna hobetzeko erronketarako

2023/06/28
Eibarko Udala.

Enpresek gaurtik hasi eta azaroaren 10era arte aurkez ditzakete eskabideak, eta 4.750 eta 6.500 euro arteko dirulaguntzak eskuratu. Aurtengo berritasuna da diruz lagunduko direla baita ere enpresek egindako jarduerak trantsizio ekologikoa eta ekonomia zirkularra babesteko.

Eibarko Udalak, hamargarren urtez jarraian, herriko industria-enpresa txiki eta ertainei beren erronka teknologiko berrietan laguntzeko dirulaguntza-programaren edizio berri bat jarri du abian.  Deialdi honen —aurreko edizioetan izandako datu positiboak aintzat hartuta— helburua da Eibarren finkatutako industria-enpresa txiki eta ertainei laguntzea haien lehiakortasuna hobetzeko azterlanak eta ekintzak egiteko, proiektu estrategikoak garatuz.

Aurten Udalak 100.000 euroko partida bat bideratu du programa honetarako; nolanahi ere, baimendutako kreditua agortuta eskabideak erantzun barik geratzen badira, aurrekontu-partida gehitu egin ahalko da; dena den, gehikuntza hori ezingo da izan deialdian esleitutako zenbatekoaren % 20tik gorakoa.

Lau kontzeptutan lagunduko zaie diruz programan parte hartzen duten enpresei.  Lehenik, berrikuntzan (produktuena, zerbitzuena edota prozesuena), nazioartekotzean eta proiektuen finantzazioan espezializatutako aholkularitza. Hemen sartzen dira enpresen lehiakortasuna hainbat arlotatik hobetzeko ekintzak, hala nola arlo digital edo legaletik, enpresa-coachingetik eta giza baliabideetatik. Atal honetan, programak egindako ekintzen kostuaren % 30eraino finantzatuko du.

Bigarren atalean sartzen dira produktuetan, zerbitzuetan eta prozesuetan berrikuntza esanguratsuak —hortik lehiakortasun-abantailak eratortzea espero da—sartzera zuzendutako elementuak eskuratzeko finantzazioa, bai eta produktu berriak eta egungo prozesuak garatzearekin estu lotuta dauden elementuak ere.

Kasu honetan honakoak lagunduko dira diruz: berrikuntza- edota digitalizazio-proiektuak diseinatu, garatu eta gauzatzeko beharrezkoak diren ekipoak, tresnak edo beste bitarteko batzuk erostea edo alokatzea; inbertsioak ekipamendu, makineria eta instalazio teknikoetan; aplikazio informatikoen ezarpena; proiektuak ikertzeko eta garatzeko gastuak; jabetza industrial eta intelektualaren babesa; eta produktuak merkaturatzeko bide berriak ezartzea marketin digitaleko estrategiak sustatuz.  Kasu hauetan, egindako jardueraren kostuaren % 80 lagunduko da diruz.

Diruz lagunduko den hirugarren atalean sartzen dira nazioartekotzea sustatzeko ekintzak, hala nola kanpoko merkatuetan bazkideak, banatzaileak, eragileak eta bezeroak bilatzera zuzendutako jarduerak (% 50eraino finantzagarriak); nazioartekotze-plan bat egitea (% 80raino finantzagarriak).

Eta aurtengo deialdiko berritasun gisa, trantsizio ekologikoa eta ekonomia zirkularra sustatzeko ekintzak ere diruz lagunduko dira; besteak beste, produkzio-prozesuaren eraginkortasuna handitzeko eta materialak eta baliabideak aurrezteko ekintzak. Kasu hauetan, % 50eraino finantzatuko da.

Jon Iraola alkatearen hitzetan: “Eibarko enpresei laguntzea eta lehiakorragoak izatea bereziki garrantzitsua da egungo egoera aldakor eta zailean, non ez baita erraza leku bat egitea edo enpresa bakoitzaren berezitasuna nabarmentzea.  Horregatik, halako laguntzak, hain finkatuak daudenak Udalaren programan, bereziki baliagarriak dira enpresek euren lehiakortasuna hobetzeko egiten dituzten ekintzekin laguntzeko.”.

Eta aurtengo deialdian sartutako berritasunari dagokionez, Iraolak zera adierazi du: “Halaber, enpresei eraginkorragoak eta jasangarriagoak izateko aukera emango dieten neurriak aplikatzea sustatu nahi dugu, eta, nolabait, helburu hori lortzeko neurriak beren ekoizpen-prozesuetan dagoeneko sartuta dituztenak saritu”.

Enpresek bete behar dituzten baldintzei dagokienez, dirulaguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte Eibarren lantokiren bat duten enpresek, azken sei hilabeteetan 50 langile edo gutxiago badituzte plantillan, eta deialdian zehazten diren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren talderen baten barruan zergak ordaintzen badituzte. Era berean, diruz lagun daitezkeen azterlan eta ekintzak 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira.

Dirulgauntzaren zenbatekoari dagokionez, 12 langiletik beherako enpresen kasuan gehieneko zenbatekoa 5.500 eurokoa izango da; 12 eta 25 langile bitarteko enpresetan 5.200 euro; eta 25 langiletik gorako enpresetan 4.750 euro.

Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren 3. mailan sailkatuta dauden enpresen kasuan, dirulaguntzak 1.000 euro gehiagoko zenbatekoa izango du.  Eta enpresa bat baino gehiagoren arteko baterako proiektuen kasuan, zenbatekoa % 25ean handituko da.

Dirulaguntza hauek eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta aurtengo azaroaren 10ean amaitukoa da. Lehiakortasunaren hobekuntzara bideratutako azterlanak eta ekintzak egiteko epea 2023ko abenduaren 31n amaituko da; eta emandako dirulaguntzaren onuradunak justifikatzeko epea 2024ko otsailaren 29an.

Eskaerak elektronikoki egin beharko dira udal-webgunearen bidez www.eibar.eus, eta horretarako beharrezkoa da ziurtagiri digital bat izatea (B@K-Q, NAN elektronikoa , IZENPE txartela, etab.).