Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak kudeaketa-lanean jarraitzen du Eibarko El Corte Inglésaren eraikinari edukia emateko

El Corte Inglésaren artxiboko irudia.

El Corte Inglésaren artxiboko irudia.

2022/07/28

Alkatea eta merkataritza-katea uda ondoren bilduko dira berriz ere, uztailaren hasieran egindako bileran Udalak mahai gainean jarri zituen proposamen batzuk zehazteko. Jon Iraola alkateak Udalaren eta firma komertzialaren arteko “adostasuna” azpimarratu du, ezen biak bat datoz-eta asmo honetan: azken proposamenak merkataritza-azpiegitura osoa hartu beharko du bere baitan, aparkalekuetarako lekua barne.

Eibarko Udalak, Jon Iraola alkatearen bidez, El Corte Inglésaren eraikinari “bigarren bizitza bat emateko” proposamena zehazten lagunduko duten gestioak egiten jarraitzen du.

Ildo horretatik, alkateak El Corte Ingléseko ordezkariekin egin izan dituen bilera guztietatik azkena uztailean bertan izan da. Bilera horretan, Iraolak merkataritza-zentroko ordezkariei oinarrizko ideia eta planteamendu batzuk helarazi zizkien, eta, zehazki, eraikin zaharraren zati batek udal-ekipamenduren bat hartzeko aukera izatea, batez ere kultura-ekipamendua, alde batetik, eraikinak kokapen ezin egokiagoa  duelako hiri-bilbean eta azpiegiturak eta instalazioak ere badituelako; eta bestetik, herritarrentzako zerbitzua bermatzeko leku gehiago beharko luketen Udaleko kultura-ekipamendu batzuk birkokatzeko beharra edo premia dagoelako.

Gogora ekarri behar da Alkatetzak eta Kultura Sailak hainbat hilabete daramatzatela gogoeta bat egiten gure herriak duen industria-ondareari merezia duen balioa emateko, konpondu beharreko museo-premiak atzemateko eta etorkizuneko Museoak nolakoa beharko lukeen izan eta non kokatu litekeen jakiteko oinarriak zehazteko eta finkatzeko.

“Bilera hartan, oso planteamendu orokorra egin genuen, gehiegi zehaztu gabe, eraikina izan daitekeenari buruz, eraikina etorkizunean izan litekeenaren inguruan Udalari interesatzen zaionaz; El Corte Inglés gaur egun baloratzen ari den planteamendua”, adierazi du Jon Iraola alkateak. Udalak berretsi du azken soluzioak eraikin osoa hartu beharko duela, bai lehengo merkataritza-guneari dagokion zatia, bai aparkalekuari dagokiona; eta planteamendu horrekin bat dator firma komertziala.

Iraolaren hitzetan, Eibarko Udala “ahalegin guztia egiten ari da eraikinari bigarren bizitza hori emateko, eta prozesuan El Corte Inglésa tartean sartu nahi dugu; izan ere —eta honetan ez dut zalantzarik— azken soluzioa onena izan behar da herriarentzat eta alde bien artean adostu behar da, ezin baitugu ahaztu El Corte Inglés dela eraikinaren jabea.”

Alde horretatik, Iraolak zera azpimarratu du: “El Corte Inglésaren aldetik erabateko sintonia eta adostasuna dago, hark ere uste baitu, guk bezala, Eibarrentzako konponbiderik onena lortzeak elkarrekin lan egitea eskatzen duela, Udalak, azpiegitura eta espazio berriak izateko, eta El Corte Inglések, duela hilabete batzuk arte gure hirian zuen merkataritza-zentroa ezin hobeto kudeatzeko”.

Era berean, bilera horretan, alkateak beste ahalegin bat egiteko eskatu zion merkataritza-etxeari, gure hirian duen presentzia handitzeko, haren negozioetakoren bat berriro irekiz.

Iraola alkateak baieztatu duenez, “udaren ondoren beste bilera bat izango dugu proiektu honekin aurrera egiteko, eta espero dut El Corte Inglés prest egongo dela gure proposamenei buruz duen ikuspegia helarazteko, eta, hala badagokio, horren inguruan dituen planteamenduak azaltzeko, eta, ahal den neurrian, akordio posiblearen alderdi teknikoenak zehazten joateko.”

Hala ere, Eibarko alkateak hauxe adierazi du:  “Prozesua ez da erraza izango, eta gauzak zehaztu arte denbora asko igaroko da." Eta lan-ildo horretan aurrera eginez, “uda ondoren egingo den bileratik aurreneko proposamen zehatzak aterako direlakoan nago" esan du Jon Iraola alkateak.

Azkenik, alkateak adierazi du Udalak beti eman dituela “urratsak” egon daitezkeen aukera guztietan, eta negoziazioak zabalik jarraitzen duela: “Bi aldeok elkarren premia dugula abiapuntutzat hartuta, ezin dugu etsai gisa jokatu, guztiz kontrakoa baizik.”