Udalak konpondu ditu Orbeako kiroldegiko span duela hilabete batzuk atzemandako isuriak

Orbeako Kiroldegiko artxiboko irudia (www.eibarkirola.eus).

Orbeako Kiroldegiko artxiboko irudia (www.eibarkirola.eus).

2023/01/11

Konponketa-lanak egiteko kontratatutako enpresak abuztutik jardun du lanean ihesak zeuden puntua aurkitzeko, eta beharrezkoak diren neurriak hartu ditu arazoak konpontzeko. Instalazioak datozen asteetan irekiko dira, laginen emaitzak ezagutu ondoren; izan ere, protokoloak agintzen duen bezala, azterketak egin behar dira, legionella bezalako bakteriorik ez dagoela ziurtatzeko.

Orbeako Kiroldegiko sparen instalazioak berriz irekiko dira datozen asteetan, hango igerilekuan hautemandako iragazketa-arazoak konpondu ondoren. Udal-instalazio hori abuztuan itxi zen, arazoa atzeman ondoren, eta, uda aprobetxatuta, konponketa-lanak hasi ziren, enpresa bat horretarako propio kontratatuta.

Alde horretatik, esan behar da lanak denbora gutxian egitea espero bazen ere, ihesak gertatzen ziren puntuak detektatzeko prozedura espero baino konplexuagoa izan dela, eta, horren ondorioz, instalazioa itxita eduki behar izan dutela aurreikusitakoa baino denbora luzeagoan.

Jon Iraola alkateak zera esan du: “Badakigu lanen epea aurreikusitakoa baino askoz gehiago luzatu dela, eta horrek eragozpenak eta nolabaiteko haserrea sortu dituela sparen erabiltzaile batzuen artean, baina jarioak detektatzeko prozesuan izan diren konplikazioek eragin dute atzerapen hori. Nolanahi ere, argi geneukan ez geundela prest instalazioak berriro irekitzeko horrelako zerbitzu batek eskatzen dituen kalitate eta osasungarritasunaren berme guztiak izan gabe.

Hala ere, Eibarko Udaletik barkamena eskatzen dugu horrek sortu dituen eragozpenengatik, eibartarrek asko erabiltzen duten toki bat da-eta.”

Edonola ere, arazo horiek konponduta, instalazioak aste batzuen buruan irekiko dira; izan ere, protokoloak horrelako kasuetan ezartzen duen bezala, aldez aurretik proba batzuk egin behar dira, laginak hartuz eta ondoren analizatuz, uretan Legionella bezalako bakteriorik ez dagoela ziurtatzeko.  

Lan horretaz arduratzen den enpresak aste honetan bertan hartu ditu ur-laginak, eta orain hasi da lagin horiek aztertzeko prozesua. Emaitzak ezagutzen direnean eta uraren kalitatea bermatzen denean, berriro irekiko da sparen instalazioa, eta data horren berri izan bezain laster jakinaraziko da.  

Sparen kostua itzuliko zaie abonatuei

Eibarko Udalak zerbitzua itxita egon den hilabeteei dagokien zenbatekoa itzultzeko konpromisoa hartu du, sparen urteko bonua kontratatuta duten pertsonentzat.

Itzulketa horiek izapidetzeko jarraitu beharreko prozedura zehaztu ondoren, erabiltzaileei helaraziko zaie informazio guztia.