Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak jardunaldi-ziklo bat antolatu du, teknologia berriek kirolaren industrian duten eraginaz gogoeta egiteko

2023/04/18

Apirilaren 27an izango da lehen saioa, honako izenburuarekin: "Teknologia jarduera fisikoaren eta kirolaren industriaren zerbitzura". Hainbat enpresa teknologikok hartuko dute parte, hala nola Innovae, Olocip, Ternua, Glucovibes eta iAltitude.

Eibarko Udalak, BIC Gipuzkoarekin batera, “Teknologia, jarduera fisikoaren eta kirolaren industriaren zerbitzura” izeneko jardunaldia antolatu du, apirilaren 27rako. Eibarren egingo diren jardunaldi batzuetako lehena izango da, eta kirol-ekosistemako profesionalek hartuko dute parte, horien artean izango dira, besteak beste, enpresak, startupak, ekintzaileak, I+G+Bko eragileak, kirol-erakunde eta -eragileak, erakunde publikoak eta azelerazio- eta inbertsio-eragileak.

Jardunaldi hauek Eibarko Udala Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Donostiako Udalarekin, Eibarko KE-rekin eta Realarekin Sportek Hub bultzatzeko egiten ari den lankidetzaren barruan kokatzen dira. Sportek Hub kirol-industriako eragile guztiak lotzen dituen gune bat da, sektorean ekintzailetza teknologikoa eta berrikuntza sustatzeko xedez.

Apirilaren 27ko saioaren gaia hau da: "Nola ari diren teknologia berriak  kirolaren sektorea eraldatzen”. Gaur egun, kirola eta jarduera fisikoa enpresa-aukera berrien eragile bihurtu dira, teknologia berriak hainbat esparrutan aplikatzeari esker. Askotarikoak dira eremu horien aukerak, hala nola, espazio adimendunak edo kirolarientzako material eta gailu berriak sortzea, edo ongizatea eta osasuna hobetzea.

Horretaz guztiaz hitz egiteko, lehen mailako adituak eta enpresak izango dira bertan, jarduera fisikoaren eta kirolaren industrian eta teknologia berrien aplikazioan eta garapenean espezializatuak.  

Ekitaldia Teknikerreko zuzendari nagusi Luis Uriarteren ongietorriarekin hasiko da, eta, ondoren, Eibarko alkate Jon Iraolak eta BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriolak emango diote hasiera jardunaldiari.

Ondoren, "Teknologia digitalak: jarduera hibridoak eta aukera-espazioak" eta "Teknologia, kirol-arloko osasuna, nutrizioa eta material berriak eraldatzen” gaiak jorratuko dira.

Beste batzuen artean, Innovae, Olocip, Ternua, Glucovibes eta iAltitude enpresa teknologikoek hartuko dute parte, eta Manel Valcarce eta Aitor Viribay adituek; moderatzaile-lanak Vicomtech enpresak eta Teknikerrek egingo dute.

Ponentzia nagusia hauxe izango da: “Sormena eta berrikuntza teknologikoa kirolean. Aldaketaren ikuspegi ekonomikoa”. Hitzaldi horretan, Carles Murillo Kirolaren Ekonomiako Espainiako Elkarteko presidenteak kirol-industriak hazkunde ekonomikoari egiten dion ekarpena aztertuko du.

Amaitzeko, bertaratzen direnek kirol-industriako startup berritzaileenetako batzuk ezagutuko dituzte. Enpresa horiek Sportek Hubekin elkarlanean ari dira sektorea eraldatzeko teknologia berriak aplikatuz, eta enpresa-aukera berrien adibidea dira.

Ekimena Teknikerren izango da, 9:30etatik 13:30era. Amaitzean, aukera egongo da enpresak, startupak, eta I+G+Bko eragileak ezagutu eta haiekin hitz egiteko, networking-saio batean.

Informazio gehiago nahi izanez gero, honako estekan lor daiteke:www.eibar.eus/sportekhub/eu. Bertaratzeko interesa duten pertsonek izena eman ahal dute apirilaren 26ra arte, esteka horretan dagoen formularioaren bidez.