Eibarko Udala
Igogailuak

Udalak Jardiñetako lehen igogailuaren proiektua sartuko du 2025. urteko aurrekontuetan

2025/01/15
Artxiboko argazkia.
Artxiboko argazkia.
Egitasmoaren lehen fasean igogailuak 33 eta 35 zenbakiei emango die zerbitzua. Auzoarekiko konpromisoak 2026. urtean ere jarraituko du.

Eibarko Udalak adierazi du 2025. urteko aurrekontuek —laster onartuko direnak— Jardiñetan eraikiko den igogailu baten proiektua jasotzen dutela. Auzotarrak aspaldi eskatzen ari ziren obra honek lotu egingo ditu 33 eta 35 zenbakietako atariak, eta nabarmen hobetuko du inguru horren irisgarritasuna.

Jardiñetako blokeetarako sarbidea orografia konplexuko toki batean dago: kota alde handiak daude, ibilgailuen eta oinezkoen sarbidea zailtzen dutenak. 33-35 blokeak ez du ibilgailuentzako sarbide zuzenik, eta eskaileretatik eta oinezkoen bideetatik sartzen da bertara. 29-31 blokeak aparkaleku txiki bat dauka, eta handik 33-35 blokera iris daiteke, betiere eskaileretatik (7,70 m-ko desnibela gainditzen dute).

Obrak hasi aurretik, behin behineko bide bat egingo da, makinak eta langileak sartu ahal izateko jarduketa-tokietara. Aldi baterako sarbide hori 29-31 blokeen iparrean dagoen aparkalekutik abiatuko da, pista bat sortuz Jardiñeta 15 eraikinaren atzealderaino iritsiko dena.  Jon Iraola Eibarko alkateak proiektuaren garrantzia nabarmendu du: “Lehenengo igogailu honen eraikuntzak Jardiñetako auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko premia bati erantzuten dio. Badakigu atzerapenak egon direla, baina urrats hau erabakigarria da auzo irisgarriagoa izateko".

Halaber, Iraolak adierazi zuen proiektuaren bigarren fasea —29-31 atarietako igogailua— datorren urteko asmoen artean dagoela: “Konpromisoa hartzen dugu proiektu hau 2026. urtean burutzeko, hala, Jardiñetako bloke guztien irisgarritasuna bermatuz”.