Udalak hotz- eta bero-sistema bat jarriko du Orbeako fitness gelan
15.000 euroko inbertsio bat urte osoko erosotasuna bermatzeko. Hobekuntza hau udal kiroldegietan egin diren beste jarduketa batzuei gehitu behar zaie.
Eibarko Udalak iragarri du urtarrilean zehar klimatizazio-sistema moderno bat instalatuko dutela Orbea kiroldegiko fitness gelan. Neurri honek erabiltzaileen eskariei erantzuten die, aspalditik ari baitziren eskatzen giro erosoago bat egotea urte osoan, eta neguan eta udan izaten diren arazoak konpontzea.
Instalazioaren kostua 15.000 eurokoa izango da; prezio horretan sartuta dago bai ekipoa bai haren muntaketa. Gainera, 5.000 euroko aurrekontu osagarri bat bideratu da elektrizitaterako, sistema martxan jartzeko beharrezkoa dena. Proiektu honekin, udalak erabiltzaileen esperientzia hobetu nahi du eta kirol-jarduera baldintza egokietan egitea sustatu.
Jon Iraola alkateak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: “Entzun egin diegu gure kirol-instalazioetako erabiltzaileei. Nahi duguna da jendea baldintza egokietan entrenatzea urteko edozein sasoitan”.
Era berean, hauxe gehitu du: “Hobekuntza hauek ez diete soilik mesede egiten kirola egiten dutenei; haien helburua herritar guztien jarduera fisikoa sustatzea da. Eibarko kiroldegiak espazio moderno, seguru eta erosoak izan behar dira, non pertsona bakoitza motibatuta egongo den osasuna zaintzeko. Lanean jarraituko dugu eibartarren bizi-kalitatea hobetuko duten azpiegituretan inbertitzen”.
Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak: “Erabiltzaileak aspalditik ari ziren eskatzen hotz- eta bero-sistema. Klimatizazio honekin bermatu nahi dugu giro eroso bat egongo dela urte osoan, hala, pertsona gehiago etor daitezen”.
Hobekuntza hau udalak azken hilabeteetan kiroldegietan egin dituen beste obra batzuei gehitu behar zaie. Orbea kiroldegian, zehazki, hainbat lan egin dira dagoeneko. Besteak beste, igerilekuko sabaia aldatu da, euste-sare bat jarri da Ur Bat klubaren entrenamenduetarako, hezetasunak konpondu dira emakumeen aldageletan, gimnasioko zorua berriztu da, eta makinen beste banaketa bat egin da. Kardio-makina berriak ere instalatu dira, hala nola bi bizikleta, korrika egiteko zinta bat eta ergometro bat; eta gimnasiora sartzeko gunea margotu da, haren itxura eta funtzionaltasuna hobetzeko.
Gainera, iragarri da urteko lehen hiruhilekoan Orbeako muskulazio-gela (indar-makinak) berritzeko lizitazioa egingo dela, 50.000 euroko aurrekontuarekin, hiriko kirol-instalazioak modernizatzen eta hobetzen jarraitzeko.