Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak gazteei zuzendutako hainbat jarduera antolatu ditu San Juan jaietan adikzioak prebenitzeko

Alkohol-kontsumo gehiegikeriaren aurkako pegatina umoretsua.

Alkohol-kontsumo gehiegikeriaren aurkako pegatina umoretsua.

2023/06/19

Hilaren 23an testing-programa bat egingo da substantziak testatzeko, eta hilaren 24an informazio-karpa bat jarriko da non alkoholemia-probak egingo diren, eta alkohola kontsumitzea prebenitzeko programa bat eskainiko da gazteak biltzen diren lekuetan. Gainera, sanjuanetan SexuBizi programa egingo da: sexualitatea eta harreman osasuntsuak izatea sustatzen dituen zerbitzu bat, gune mugikor bat eskaintzen duena genero-erasoen aurren informatzeko eta babesteko.

Eibarko Udalak adikzioak prebenitzeko hainbat jarduera antolatu ditu, batez ere Eibarko gazteei zuzenduak. Jarduera horiek San Juan jaietan egingo dira, Udalak abian jarritako Adikzioak Prebenitzeko VI. Planaren barruan.

Sanjuanetarako aurreikusitako lehenengo jarduera, ekainaren 23an, testing-programa bat izango da. Furgoneta bat jarriko da laborategi bat izango duena, substantziak probatzeko eta herritarrei drogen kontsumoari buruzko informazioa emateko. Furgoneta Untzaga plazan egongo da 00:00etatik 03:30era.

Hurrengo egunean, ekainaren 24an, 23:30etik goizaldeko 2:30era, Untzagan baita ere, informazio-karpa bat jarriko da kontsumo-arriskuak prebenitzeko, eta alkoholemia-probak egin ahal izango dira. Egun berean, 20:00etatik 00:00etara, Botiltzar programa egingo da, gazteen artean alkohol-kontsumoak prebenitzeko, hain zuzen ere, gazteak elkartzen diren tokietan.

Gainera, jaietan, alkohol-kontsumo gehiegikeriaren aurkako pegatina umoretsua banatuko da. Pegatina-lehiaketaren aurtengo irabazlea Marta Marina Larrañaga izan da. Halaber, informazio-erregletak eta alkoholimetroak banatuko dira, Eusko Jaurlaritzak emandakoak.

Jarduera hauek guztiak sanjuanetan egiten ari dira azken urteotan, Adikzioen Prebentzioarako planen barruan. Hala, aurten Udalak onartutako VI. Plana aurkeztu da, eta hauxe da haren helburua: substantzia adiktiboen kontsumoa ahal den neurrian prebenitzea edota murriztea, pertsonen eta komunitatearen osasunean haien ondorioak saihestu edota gutxitzeko, eta pertsonen eta komunitatearen  osasun- eta ongizate-egoera hobetzeko.

Era berean, Adikzioak Prebenitzeko VI. Planak hainbat estrategia eta esku-hartze jasotzen ditu,  bi mailatan artikulatzen (unibertsala eta selektiboa) eta hainbat jarduera-eremutan antolatzen direnak (eskola, familia, komunitatea, aisialdirako guneak). Hain zuzen sanjuan hauetarako programatutako jarduerak azken esparru horretan sartzen dira. Planaren dokumentu osoaren edukia udal-webgune honetan dago eskuragarri eta informazio-triptikoak banatuko dira.

SexuBizi gunea jaietan

Bestalde, eta sanjuanetan baita ere, SexuBizi programa egingo da, alegia, sexualitate eta harreman osasuntsuak izatea sustatzen dituen zerbitzu bat; gune mugikor bat jarriko da informazioa, aholkularitza eta babesleku bat eskainiko duena genero-erasoen aurrean.

Gune hori, Berdintasunerako Udal Sailak sustatutakoa, asteburu honetan eta hurrengoan egongo da Untzaga plazan, eta eskatzen duen edonorentzako babesleku seguru bat eskainiko du. Gainera, eskuragarri egongo dira genero-indarkeriari aurre egiteko materialak, hala nola laguntza emozionala, informazioa, aholkua eta deribazioa, besteak beste.

Era horretan eta programa honen bidez, bilatzen dena da jai-giroan gerta daitezkeen genero-erasoak prebenitzea, gertatzen direnei aurre egitea eta kontzientziazioa sustatzea.