Udalak “Etxean gazte” proiektua bultzatuko du, gazteen lehiakortasuna indartu eta haientzako etxebizitza eskuratzeko bide berriak aztertzeko
Talentu gaztea nola erakarri eta atxiki ulertzeko proiektua da. Etxebizitzaren arazoa funtsezkoa da udalerriaren etorkizun ekonomiko eta demografikoarentzat.
Udalak ETXEAN GAZTE proiektua jarri du martxan, gazteek etxebizitza eskuratzeko eredu berritzaileak aztertu, eta eredu horietatik herrian zeintzuk aplikatu litezkeen identifikatzeko helburuarekin. Ekimena —Gipuzkoa Taldean 2026 deialdiaren testuinguruan kokatua, 5. Erronkaren barruan (gazteentzako aukerak)— 2026ko ekainaren eta 2027ko maiatzaren bitartean egingo da, eta 26.040 euroko aurrekontua izango du. Gipuzkoako Foru Aldundiak 19.740 euroko dirulaguntza emango du, eta gainerakoa parte hartzen duten erakundeek. Eibarko Udalak izango du proiektuaren lidergoa, eta kostuaren % 55 (14.440 euro inguru) hartuko du bere gain; Debegesak eta Armeria Eskolak, berriz, 5.800 euro inguruko partaidetza izango dute, batez ere ekarpen tekniko eta lan espezializatu gisa.
Proiektuak uztartu egingo ditu azterketa teknikorako kanpoko laguntzaren kontratazioa —14.000 euro inguruko gehi BEZa— eta hiru erakundeetako langile teknikoen inplikazio zuzena. Horri esker, lurraldearen ezagutza aprobetxatu ahal izango da, eta ikuspegi praktikoa ziurtatu. Gainera, aurrekontua bi ekitalditan banatuko da: lehen fasea, 2026an, gastuaren % 40 inguru bilduko duena, eta bigarren fasea, 2027an, gainerako % 60arekin, hala, ikerketaren garapen progresiboari lagunduz.
Ekimena diagnostiko argi batetik sortu da: gaur egun, Eibarren lan egiten duten 10 pertsonatik 6 herritik kanpo bizi dira, batez ere etxebizitza eskuratzeko zailtasunagatik; beste faktore bat biztanleriaren zahartzea da —65 urtetik gorakoak % 25 dira—, langabezia-tasa % 11,7koa da, Gipuzkoako batezbestekoa baino handiagoa, eta datozen hamarkadetan 3.500 pertsona aktibo baino gehiago galtzea aurreikusten da.
Jon Iraola alkateak nabarmendu duenez, “etxebizitza elementu estrategiko bihurtu da Eibarko garapenerako, zuzenean baldintzatzen duelako talentu gaztea erakartzeko eta atxikitzeko dugun gaitasuna, eta hori funtsezkoa da gure herriaren etorkizunerako”. Zentzu horretan, zera azpimarratu du: “Kontua ez da gehiago eraikitzea soilik, baizik eta ulertzea zer ereduk funtzionatzen duten beste leku batzuetan eta nola egokitu ditzakegun gure errealitatera”. Bestalde, Vanesa Hortas Garapen Ekonomikoko zinegotziak hauxe adierazi du: “ETXEAN GAZTE oinarri sendoa duten erabakiak hartzeko proiektu bat da, Europako analisiak, herriko etxebizitza-parkearen ezagutza eta Eibarko gazteen artean egindako entzute aktiboa uztartzen dituena. Etxebizitza lehiakortasun-faktore bat da jada gure enpresentzat, batez ere langile gazteak behar dituzten industria-sektoreetan”.
Urtebetez, proiektuak tamaina ertaineko europar hirietan finkatutako esperientziak aztertuko ditu, hala nola konpromiso komunitarioari lotutako alokairu merkeko ereduak, lan-trantsizioan dauden gazteentzako ostatu modularrak edo espekulazioa saihesten duten formula kooperatiboak. Analisi horrekin batera, herriko errealitatearen eta mobiliza daitekeen etxebizitza-parkearen azterketa bat egingo da, kontuan izanik udalerriko etxebizitza hutsen edo gutxi erabilitakoen kopuru handia, haietako asko 1950 eta 1975 bitartean eraikitakoak. Horrez gain, Eibarko ekoizpen- eta hezkuntza-sareari lotutako langile gazteen eta ikasleen zuzeneko informazioa jasoko da, haien benetako beharrak ezagutzeko eta bizitegi-formula berrietara iristeko duten prestasuna ezagutzeko.
Azken helburua ez da eredu jakin bat berehala ezartzea, baizik eta ezagutza zorrotza eskuratzea, Eibarrentzat bideragarriak diren bi edo hiru aukera identifikatzeko eta orientabide argiak zehazteko, proposamen errealistak eginez, bai ikuspuntu ekonomikotik, bai sozialetik. Iraolak adierazi duenez, “Eibarrek beti jakin izan du aldaketetara egokitzen, eta hau da une horietako bat, non etorkizunari aurrea hartu behar zaion seriotasunez eta bisio bat izanik”; Hortasek, berriz, zera ondorioztatu du: “Proiektu honek aukera emango digu hurrengo urratsari segurtasunez heltzeko, datuetan, egiaztatutako esperientzietan eta soluzio propioak eraikitzen lagunduko digun europar begirada batean oinarrituz”. Ekimena 2027ko maiatzean amaituko da, emaitzen aurkezpenarekin, zeinak etorkizuneko udal-politiken oinarri izango diren gazte-etxebizitzaren arloan.