Udalak eta Uni Eibar-Ermua LHII ikastetxeak merkataritzako ikasleekin formazio-proiektu praktikoa garatzeko akordioa sinatu dute
Eibarko Udalak eta Uni Eibar Ermua Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute, helburu bikoitza duena: Eibarko merkataritza-sarearen balioa azpimarratzea eta gazteen kontsumo-ohituren inguruko sentsibilizazio-ekintzak garatzea.
Akordio honek Udalaren eta Uni Eibar Ermua LHIIren udalerriko ekonomia eta gizartea sustatzeko konpromisoa islatzen du. Herriko saltokietan erostea herri-ingurua hobetzeko aukera bat da: dirua bertan geratzen da eta herria ekonomikoki suspertu, eta, era berean, enplegua sortzen da.
Proiektuan, ikastetxeko Merkataritza arloko ikasleek merkatuko ikerketa-teknika aurreratuetan prestakuntza espezializatua jasoko dute. Horrela, etorkizuneko profesionalek ezagutza eta tresna praktikoak eskuratuko dituzte, inguru errealean aplikatzeko. Jasotako formakuntzan oinarrituta, ikasleek azterlan bat egingo dute, zeinaren helburu nagusia izango den gazteen kontsumo-ohiturak eta joerak identifikatzea eta aztertzea. Eibarko dendarien elkartearen laguntzaz, herriko hainbat denda ezagutu eta haien inguruko informazioa jasoko dute. Ikerketa hau funtsezkoa izango da tokiko merkataritzaren erronkak eta aukerak ulertzeko.
Azterlanetik lortutako emaitzetan oinarrituta, ikasleek sentsibilizazio-ekintzak diseinatu eta bideratuko dituzte. Ekintza horiek tokiko merkataritzak komunitatearentzat sortzen duen balio ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa nabarmentzera bideratuko dira. Proiektuak, gainera, ekintzailetza sustatuko du, Eibarren denda berriak, negozio-aukerak eta jarduera ekonomiko berritzaileak garatzeko aukerak ezagutuz.
Proiektu honen azken xedea da Eibarko gizartea, eta, bereziki, gazteak, herriko merkataritzaren garrantziaz ohartaraztea eta komertzioek sortzen duten balioaz jabetzea, erosketa arduratsuagoak eta tokiko establezimenduen aldekoak sustatuz.
Jon Iraola Eibarko Udaleko alkateak zera adierazi du: "Oso pozik gaude Uni Eibar Ermua LHIIrekin lankidetza hau berriz bultzatu ahal izateagatik, gure gazteak eta gure herriko merkataritza erdigunean jartzen baititu. Horrelako proiektuek, benetako inguru batean prestakuntza praktikoa eta baliotsua emateaz gain, Eibarko ehun ekonomiko eta soziala indartzen dute. Gazteek gure udalerrian erosteak eta kontsumitzeak duen balioa ezagutzea nahi dugu, eta tokiko merkataritzari ematen dioten babesak enplegua sortzeko eta gure hiria dinamizatzeko duen eragin positiboaz jabetzea. Ikasteko, inplikatzeko eta Eibarren garapenaren parte sentitzeko aukera bat da."
Uni Eibar Ermua LHIIko Aitor Zumelaga zuzendariak, berriz, hauxe azpimarratu du: "Guretzat, ikaskuntza ez da jada ulertzen ingurune errealarekiko konexio zuzenik gabe. Akordio honen bidez, gure ikasleek aukera paregabea dute ikasgeletatik atera eta Eibarko merkataritza-sarearen erronka errealetan lan egiteko. Hezkuntza zentro garen aldetik, etorkizuneko herritarrak prestatzeko ardura dugu. Gure ikasleek euren kontsumo-ohiturei buruz hausnartzea nahi dugu, funtsezkoa baita ulertzea erosketa-erabaki bakoitzak herriko merkataritzan ondorio bat duela. Eskerrak eman nahi dizkiogu Eibarko Udalari erakutsitako konpromisoagatik eta proiektu honetan batera ibiltzeko erakutsitako borondateagatik, gazteei, merkatariei eta, azken finean, Eibarko herri osoari mesede egiten baitio”.
Eibarko Udala eta Uni Eibar Ermua LHII urteetan ari dira elkarlanean, tokiko merkataritzaren sustapena eta ikasleen hezkuntza elkartuz, hurbileko kontsumoa lehenetsiz eta enplegua sustatzearen aldeko apustua eginez.