Eibarko Udala

Udalak Eibarko Artisten Elkarteko lokala eraberrituko du eta inbertsioa 41.758 eurokoa izango da

2022/11/22
 Eibarko Artisten Elkarteak Pagei kaleko 3. zenbakiko beheko solairuan duen lokalaren irudia.
Lanak —Coryd SL enpresari adjudikatuak— abendu hasieran hasiko dira eta bi hilabete iraungo dute. Obra hauek egingo dira: komunak, elektrizitatea eta zoruak berritu, hormak pintatu eta erradiadoreak aldatu.

Udala aurki hasiko da Eibarko Artisten Elkarteak Pagaegi 3, behean duen lokala eraberritzen; inbertsioa 41.758 eurokoa izango da eta obrak (Coryd SL enpresari adjudikatuak) egiteko epea bi hilabetekoa. Lanak abenduaren 5ean hasiko dira.

Lokala oso zaharra da eta proiektuaren xedea da bi komunak eta lokal osoko elektrizitatea zaharberritzea. Komun batean hormak alikatatu eta komunontzia aldatuko da; beste komuna pintzelak garbitzeko toki izateko egokituko da. Elektrizitateari dagokionez, lokal osoaren elektrizitatea berriztuko da.

Lan horiekin batera, Elkartearen eskabideari erantzuten diotenak, Udalak garrantzitsutzat jo du beste alderdi batzuei ere erantzutea.  Hala, erradiadoreak aldatuko dira, zoruan baldosa irristagaitzak jarriko dira, bulegoan zoru laminatua, eta gainerakoan mikrozementuzko zola, eta hormak eta sabaiak margotuko dira.

Lokalak 77,45 metro kuadro erabilgarriko azalera bat du eta honela dago banatuta: atondoa, bi komun, bulegoa, eta egongela-tailerra (espazio nagusia).

Jon Iraola alkatearen hitzetan “bai Alkatetza honek bai Kultura eta Obra Sailak badakigu lokalak zer premia dituen, izan ere, Elkarteko ordezkariek berek eman digute horren berri. Horregatik, lan hauekin erantzun bat eman nahi diegu, instalazio egokiak izan ditzaten eta behar duten helbururako behar bezala prestatuta egon daitezen".