Eibarko Udala

Udalak dagoeneko badu Unbeko mendi-hegala egonkortzeko proiektua

2022/11/02
Artxiboko irudia.
Mendi-hegala eraberritzea da jarduketaren helburua, uraren depositurako bidea lehengoratzeko. Obra laster aterako da lizitaziora 250.712 eurotan. Egikaritze-epea hiru hilabete eta erdikoa izango da.

Unberako igoeran dagoen mendi-hegala egonkortzeko lanak laster aterako dira lizitaziora, Udalak dagoeneko proiektua badu-eta. Proiektu horren helburua da mendiaren zati horretan lan egin eta hura finkatzea; eta, hala, ur-depositurako bidea lehengoratzea, izan ere, bide hori zeharo apurtuta geratu baitzen joan zen urteko abenduan izandako eurite handien ondorioz.

Injelan ingeniaritza-etxeak egin du proiektua: bideari hormigoitutako harri-lubetazko horma baten bidez eustean datza. Gainera, ezpondaren behealdea babestu eta egonkortu egingo da, Lurtek-ek aldez aurretik egindako azterlan geotekniko batean seinalatutakoaren arabera.

Proiektua eskuan duenez, Udalak obrak laster lehiaketara ateratzeko asmoa du, 251.712 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Obra adjudikatuko den azken zenbateko horretatik, 92.543 euro Lurralde Politikako Ministerioak jarriko ditu, Babes Zibileko larrialdi batean kaltetutako eremuetako udal-azpiegituretan eta bide-sarean eragindako kalteak ordaintzeko argitaratutako dirulaguntzen programaren esparruan, izan ere, Udalak Plan horretara jo baitzuen laguntza bila. Adjudikatu ondoren, obrak egiteko epea hiru hilabete eta erdikoa izango da.

Obren eraginpean geratuko diren zerbitzuei dagokienez, bide azpitik doazen hodiak harri-lubetazko hormaren lanen eraginpean geratuko direnez, aldatu egingo dira.

2021eko abenduko euriteetan luizi bat izan zen Unbeko ur-depositurako bidean, eta horrek, 20 metro inguruko luzeran,  maldan behera eraman zuen bidearen zati bat. Mendi-hegalak aldapa handia du eta, haren azpian, kirol-gunerako bidea dago, espaloia ere baduena, hura ere lur-jausiak kaltetua.

Luiziaren ondorioz, ur-depositurako giltza-ganberako sarbidea moztuta geratu zen autoentzat, eta hara oinez baino ezin da joan. Harrez geroztik, Unbera igotzeko errepidean oinezkoen zirkulazioa galtzadaren eskuineko erreitik egiten da, segurtasun-hesiekin babestuta, eta ezkerreko galtzadatik da ibilgailuen zirkulazioa alternatiboa.

Horrez gain, beheko bidetik doazen oinezkoak eta ibilgailuak obretatik izan daitezkeen erorketetatik babesteko, horma aurrefabrikatu bat jarriko da espaloia babesten duen hormigoizko segurtasun-hesiaren ordez.