Orbeako Kiroldegia itxita egongo da mantentze-lanetarako, uztailaren 14tik aurrera

Itxita dagoen bitartean, emakumeen aldagela berriztu eta hainbat lan egingo dira igerilekuan eta beste toki batzuetan. Udalak jada hobekuntzak egin ditu sarbideetan, spa gunean eta kirol-ekipamenduan.
Eibarko Udalak jarraitzen du bere kirol-instalazioak hobetzearen aldeko apustua egiten, Orbeako Kiroldegia eraberritzeko asmo handiko proiektuarekin. Dagoeneko aurrerapen nabarmenak egin dira, eta datozen hilabeteetan ere lan berriak egingo dira zentroa modernizatzeko eta erabiltzaileen egungo beharretara egokitzeko.
Ibilbide-orri horren barruan, kiroldegia itxita egongo da aldi baterako, uztailaren 14tik (egun hori barne) abuztuaren 1era arte (irekiera-eguna), mantentze-lan berriak egiteko. Itxita dagoen bitartean, beharrezkoak diren lanak eta hobekuntzak egingo dira emakumeen aldageletan, igerilekuan eta beste toki batzuetan. Besteak beste, igerilekuko sabaia ordeztuko da, Ur Bat klubekoen entrenamendu-saioetarako euste-sare bat jarriko da, emakumeen aldagelako hezetasunak konponduko dira, gimnasioan zoru teknikoa jarriko da eta makinak lekuz aldatuko dira, eta gimnasiorako sarbide-gunea margotu egingo da.
Hobekuntza garrantzitsuak egin dira orain arte, besteak beste, gimnasiorako eta SPArako sarbideetan hezetasunak konpondu dira, bai eta gizonezkoen eta SPAren aldageletan ere. Argiztapena ere berritu da sarreretan eta aldageletan, eta hondatuta zeuden eguneroko erabilerako elementu berriak ere jarri dira (eskulekuak, ispiluak, txorrotak, xaboi-ontziak eta lehorgailuak).
Gainera, igeltserotza-lan txiki batzuk egin dira pasilloetan, eta amaitzear dago erabiltzaileek gehien baloratzen duten spa-eremuaren berrikuntza integrala. Kirol-ekipamendua ere eguneratu da: kardio-makina berriak (bizikletak eta eliptikoak) halterak, esterillak eta gimnasioko beste osagarri batzuk.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du “behin behineko itxiera honek ahalbidetuko du eguneratu beharra zuten espazio zenbaitetan jardutea, eta, horrela, herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitzea. Uda-garaia aprobetxatzen dugu, joan-etorria txikiagoa denean, ahalik eta traba gutxien eragiteko”.
Bestalde, Andoni Ameztoy Kirol Saileko zinegotziak gaineratu du hobekuntza hauek Udal kirol-instalazioak modernizatzeko estrategia global baten parte direla. “Emakumeen aldagelako jarduketa bereziki lehentasunezkoa zen, eta datozen hilabeteetan ere hobekuntzak egiten jarraituko dugu bai azpiegiturari bai estetikari begira”, adierazi du Ameztoy zinegotziak.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie erabiltzaileei jarduketak sor diezazkiekeen trabak ulertzeagatik, eta gogora ekartzen du beste kirol-espazio batzuk erabilgarri egongo direla behin-behineko itxiera honen alternatiba gisa.