Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Construcciones Artzamendi SA enpresari adjudikatu dio Torrekuako eraikinaren eta jubilatu etxearen birgaitze energetikoa

Torrekuako anbulatorio zaharraren artxiboko irudia.

Torrekuako anbulatorio zaharraren artxiboko irudia.

2024/02/22

Adjudikazioaren zenbatekoa 2.118.662,24 eurokoa izan da, eta 60 astekoa izango da kontratua burutzeko epea. Inbertsio berri honi 400.000 euro gehitu behar zaizkio, 2019tik hona jubilatuen etxeetako espazio eta instalazioetan inbertitzen ari den zenbatekoa.

Eibarko Udalak 2.118.662,24 eurotan adjudikatu dio Construcciones Artzamendi SA enpresari Torrekuako eraikinaren eta jubilatu etxearen birgaitze energetikoa.   Enpresa horrek lortu zuen puntuazio handiena lehiaketa publikora aurkeztutako enpresen artean.

Proiektu honek Europar Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren NextGeneration funtsen finantzazioa du, eta Eibarko Udalak hirian dauden jubilatuen etxeak hobetzeko eta egokitzeko azken urteotan egindako inbertsioei gehituko zaie.

Jon Iraola Eibarko alkatea pozik agertu da Udalak edadeko pertsonekin duen konpromisoarekin, bereziki jubilatuen etxeen bidez. Iraola alkateak zera adierazi du: “Udalak ahalegin handia egiten du jubilatuen etxeetan, pertsona askorentzat elkargune funtsezkoak baitira,  aisialdirako eta gizarteratzeko guneak, jende askorentzat”.

Proiektuari dagokionez, Torrekuako anbulatorio zaharraren beheko solairuak jubilatuen etxe bat hartuko du auzoko bizilagunentzat; bigarren solairua, Goyeneche Fundazioari lagako zaio, orain arte San Juan kalean burutzen ari den proiektua Eibarren garatzen jarrai dezan. Adimen-desgaitasuna duten pertsona helduak gizarteratzeko zerbitzuak ematen ditu Goyeneche Fundazioak. Eta hirugarren solairua Gurutze Gorriak erabiliko du.

Horretarako, eraikina eraberritu egingo da, higiezinaren inguratzailearen birgaitze energetikoaren bidez, eta haren portaera energetikoa hobetuko da, fatxadan eta estalkian egin beharreko jarduketen bidez. Ondoren, barnealdea berrituko da eraikina egokitzeko, komunikazio egokia izan dezan eskailera eta igogailuen bidez. Halaber, prestakuntza-gelak eta kafetegirako eremu bat izango du.

Eraikinak oinplano angeluzuzena du, eta gutxi gorabehera 555 m2 solairu bakoitzeko. Sotoa, beheko solairua eta goiko bi solairu ditu. Azken solairua azalera txikiagokoa da, 111 metro koadro dauzka-eta.

Torrekuako anbulatorioko eraikina Udalaren jabetzakoa izatera pasatu zen duela urte batzuk, han eskaintzen ziren zerbitzuak Otaolan dagoen Eibarko Ospitalera pasatu ondoren. Azkenik, kontratua burutzeko epea 60 astekoa izango da.

Bidegorriko komuna

Bestalde, MEATZALDE INSTALACIONES SL izango da Eibar-Elgoibar bidegorrian komun publikoa eraikitzeko enpresa. Obrak aste honetan bertan hasiko dira eta 91.960,00 euroko inbertsioa izango dute. Gauzatzeko epea 8 astekoa da.

Azken hilabeteetan, Eibarko Udalak bankuak jarri ditu Maltzagan, bidegorriaren zabalerak horretarako aukera ematen zuen lekuan, beste tarte batzuetan zerbitzu jakin batzuk jartzea zailtzen baitu. Maltzaga izango da, halaber, komun publikoa kokatuko den gunea. Gainera, azken asteetan bideko argiztapen- eta argiteria-sarea instalatu eta indartu da.