Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak bat egiten du LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguneko aldarrikapenekin

Artxiboko irudia. Eibarko udaletxearen aurrean jarri zen ortzadarraren bandera, Untzaga plazan.

Artxiboko irudia. Eibarko udaletxearen aurrean jarri zen ortzadarraren bandera, Untzaga plazan.

2023/05/17

Eibarrek bat egiten du Eusko Jaurlaritzaren manifestuarekin, erakundeek gogor eta aktiboki lan egin dezaten LGTBI kolektiboko pertsonek aurre egin beharreko trabak kentzeko. Era berean, Udala Gida bat egokitzen ari da, gorroto arrazista, xenofobo, ijitoen aurkako eta LGTBIfobikoko gertakarien aurrean jarduteko, Gipuzkoako udalerri bakarra izanik horrelako ekimen batean parte hartzen duena.

Eibarko Udalak bat egin du gaur, maiatzak 17, ospatzen den LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren aldarrikapenekin, eta, horretarako, bere egin du Eusko Jaurlaritzaren manifestuaren edukia. Adierazpenean hauxe esaten da: “Garrantzitsua eta beharrezkoa da erakundeek gogor eta aktiboki lan egiten jarraitzea LGTBI pertsonek aurre egin behar dieten oztopo erantsiak ezabatzeko”.

Adierazpenean nabarmentzen denez, "Maiatzaren 17an, ahotsa goratzen dugu (are gehiago) LGTBI pertsonen aurkako erasoak salatzeko eta pertsona bakoitzaren errespetuan eta askatasunean oinarritutako gizarte justua, berdintasunezkoa eta askotarikoa eskatzeko.

Horren harira, hala dio manifestuak: “Agerikoa da salaketak ugaritu izana LGTBI komunitateak urteetan jasan duen isiltasunaren isla baino ez dela”. Eta horregatik, beharrezkoa jotzen da “gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzen jarraitzea, askotan ikusezinak diren genero-identitate, -orientazio eta -adierazpen guztiak errespetatuz; gizarte osoaren erantzukizuna diskriminazio- eta indarkeria-mota guztien aurka borrokatzeko”.

Gertakarien aurrean jarduteko gida

Era berean, LGTBI kolektiboak eta atzerritar jatorriko pertsonek jasaten dituzten gorroto-intzidenteei irtenbidea emateko erakundeak garatzen ari diren ekimenen esparruan, Eibarko Udalak lanean dihardu Eusko Jaurlaritzak prestatutako "Gorroto arrazista, xenofobo, LGTBIfobiko eta ijitoen aurkako gertakarien aurrean herri-mailan jarduteko gida"-ren edukia Eibarko errealitatera egokitzeko.

Gida hau oinarrizko dokumentu bat da, Euskadiko toki-erakundeei zuzendua, eta tresna baliagarria izan nahi du udalerrietan gerta daitezkeen gorroto-intzidenteei aurre egin eta sentsibilizazio- eta prebentzio-prozesuak ezartzeko.

Horrela, Udalaren Gizartekintza Sailak, zehazki, Berdintasun eta Immigrazio arloek, interes eta balio handikotzat jo dute gida hori Eibarren martxan jartzea, tresna baliagarria baita kolektibo horiei zuzendutako ekimenak garatzeko eta irtenbide espezifikoak lantzeko.

Adierazi behar da Eibar dela Gipuzkoako udalerri bakarra tresna hau garatzeko konpromisoa erakutsi duena.

Jon Iraola alkateak zera nabarmendu du: “Udaleko Gizartekintza Sailak garrantzitsutzat jo du ekimenean parte hartzea, kontziente baita herriaren ezaugarri den biztanleriaren aniztasunaz.  Zalantzarik gabe, udal-arlo horiek egiten ari diren lana oso garrantzitsua izango da kolektibo hauek jasaten dituzten arazo eta gorabeherei erantzun zuzenagoa eta eraginkorragoa emango dieten politikak garatzeko”.

Gidan, besteak beste, gorroto-intzidenteak detektatzen direnean nola erantzun behar duten udalek jasotzen da; gertakari arrazista, xenofobo, ijitoen aurkako edo LGTBI fobikoen aurrean jarduteko printzipioak zehazten dira; eta jarduera batzuk proposatzen dira: arreta, informazioa eta orientazioa ematea; arreta urgentziaren arabera bideratzea; sentsibilizazioa eta salaketa soziala sustatzea; komunikabideen bidezko informazio publikoa ematea, edo intzidentearen erregistro estatistikoa jasotzea.

Horren guztiaren helburua da aipatutako ekintza horiek biktimarengan eta bizikidetza komunitarioan izan dituzten ondorioei erantzun egokia eta proportzionatua ematea, eta, horrela, Eibar LGBIfobiarik gabeko gizarte bat bihurtzea.