Udalak bat egin du "Kerik gabeko herriak" izeneko kanpainarekin eta panelak jarriko ditu herriko zenbait tokitan eibartarrak tabakismoaren kontra sentsibilizatzeko

Errebalgo plazatxoa, Urkizuko parkeak, eta Zuloagatarren parkea izango dira kerik gabeko tokiak eta leku horietan jarriko dira kartelak. Eibarrek, hala, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako kanpaina honekin bat egiten du, eta jarraipena ematen dio iaz egin zen Kerik gabeko hondartzak izeneko ekimenari, hondartza duten herriei zuzendua.
Eibartarrak tabakismoaren kalteez ohartarazteko panelak jarriko dira Eibarren. Zehazki, Udalak hiru toki proposatu ditu panel horiek jartzeko: Errebal Plazia eraikinaren sarbidea, Urkizuko parkea eta San Andres elizaren eta Zuloagatarren arteko haur-parkea. Umeentzako tokiak izateagatik edo osasun-zentro baten ondoan egoteagatik aukeratu dira.
Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “gizarte gisa kontzientzia hartu behar dugu, eta pertsona ahulenak osasungarriak ez diren ohituretatik babestu, bai erretzaileen eta haien ingurukoen osasunean izan ditzaketen afekzioien arriskuak direla-eta, bai haurrek eta gazteek ohitura horiek kopiatu ahal dituztelako. Horregatik, era horretako ekimenak garrantzitsuak dira tabakismoak eta halako adikzioek osasunari eta ingurumenari dakarzkieten kalteak azpimarratzeko.”
Ekimen honekin, Udalak bat egiten du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak bultzatutako ‘Kerik gabeko herriak’ izeneko kanpainarekin, bihar, maiatzak 31, Tabakorik gabeko Nazioarteko Egunaren testuinguruan kokatzen dena.
Jarriko diren panelek, batzuk faroletan eta beste batzuk beste euskarri batzuetan, gogorarazten dute toki horiek kerik gabeko guneak izango direla, hala adierazten duten idazkunen bidez; hala ere, ez da debekua izango, eremu horietan erretzea saihesteko gomendioa baizik. Kartelek QR kode bat izango dute ekimenari buruzko informazio guztiarekin.
Eusko Jaurlaritzaren kanpaina honek, Udalak inolako zalantzarik gabe babesten duena, kerik gabeko guneak izatea du helburu, eta, aldi berean, zigarrokinak objektu kutsagarriak izatea saihestu nahi du. Zehazki, ekimenaren helburua da erretzaileak ez diren pertsonak babestea, batez ere adingabeak, tabakoaren kontsumoa normaltzat ez hartzea, tabakoaren kontsumoa prebenitzen laguntzea, zigarrokinak objektu kutsagarri izatea saihestea, gune horiek osasunarekin eta ongizatearekin bateragarri diren espazio horietaz disfrutatzea, eta ingurumena babestea.
Modu honetan, kanpainak Euskadiko Kerik gabeko Sare bat osatu nahi du; sare horretan tokiko entitateek, foru-erakundeek edo bestelakoek espazioak proposatuko dituzte, non ez erretzea gomendatuko den.
Hala, interesa duten entitateek espazio bat izendatu eta bertan seinalizazioan, komunikazioan eta gestioan lagunduko dute. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, proiektuaren materialak eta kanpaina diseinatuko ditu. Gainera, entitate kolaboratzaileek bereizgarri bat jasoko dute Euskadiko Kerik gabeko Sarearekin bat egitearren.
Egitasmo honek jarraipena ematen dio iaz Europa mailan egin zen 'Kerik gabeko hondartzak' proiektuari; haren helburua Euskal Herriko hondartzetan tabakoaren kontsumoa murriztea zen.
“Kerik gabeko klaseak" tabakismoa ikasleen artean prebenitzeko
Azpimarratu behar da ez dela lehen aldia Udalak tabakismoaren aurkako kanpainak antolatzen dituela edo beste erakunde batzuek antolatutakoekin bat egiten duela. Ekintza puntualez gain, duela urte batzuk Eibarrek bat egin zuen ‘Kerik gabeko ikasgelak' izeneko kanpainarekin, ikasleak tabakismoaren aurka kontzientziatzeko, eta lehiaketak antolatu ziren ikasleen artean tabakismoa saihestera bideratutako logotipo bat egiteko.
Kanpaina hartan, eskolako neska-mutikoek, beren tutoreen eta material didaktikoaren laguntzarekin, eta programaren arduradunen formakuntzarekin, hainbat jarduera egin zituzten tabakoaren prebentzioa lantzeko.