Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Barakaldo kalea eta trenbide gainean egingo den pasealekua lotuko dituen igogailu publikoaren proiektua erredaktatzea adjudikatu du

Barakaldo kalea eta trenbide gainean egingo den pasealekua lotuko dituen igogailu publikoaren infografia.

Barakaldo kalea eta trenbide gainean egingo den pasealekua lotuko dituen igogailu publikoaren infografia.

2023/03/10

Erredakzioa Eptisa-Cinsa enpresari adjudikatu zaio 50.215 eurotan eta hamabi asteko epea ezarri da horretarako. Jarduketa hau pasealekuaren irisgarritasuna hobetzeko Udalak proposatutako planaren parte da.

Eibarko Udalak aste honetan adjudikatu du Barakaldo kalea eta Estaziño-Azitain trenbide gaineko pasealekua lotuko dituen igogailu publikoa egiteko proiektuaren erredakzioa. Eptisa-Cinsa Ingeniería y Calidad enpresari adjudikatu zaio erredakzioa, 50.215 eurotan, eta proiektua  egiteko hamabi asteko epe bat ezarri da.  

Igogailu hau Barakaldo kaleko 29 zenbakiaren inguruan kokatuko da, gaur egun udal-jabetzakoa den Hijos de Gabilondo eraikineko orubearen hasieran, eta, handik oinezkoen pasealekuraino 18 m-ko altuera gaindituko du.  

Udalak, proiektu honen bidez, Barakaldo kalearen eta trenbidearen estalduraren arteko konexioa hobetzea lortu nahi du. Horrez gain, urbanizatu egingo da igogailuaren sarrera, Barakaldo kalean.

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea (ETS) sozietate publikoaren bitartez, Estaziño-Azitain trenbidearen gaineko pasealekua eraikitzeko proiektua aurkeztu ondoren, Eibarko Udalak ulertu zuen beharrezkoa zela herriaren ekialdeko hainbat punturen eta egingo den pasealekuaren arteko irisgarritasuna hobetzea. Horren harira, proposamenetako bat igogailu hau egitea izan zen.

Une hauetan, lanean ari dira tren-geltoki inguruan egingo den obrak eragindako azpiegituretan. Geroago, lanak katenarian zentratuko dira, eta obra guztia 2025. urterako amaitzea aurreikusten da.