Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du hirugarren urtez

Balkoiak eta leihoak apaintzeko 3. lehiaketaren kartela.

Balkoiak eta leihoak apaintzeko 3. lehiaketaren kartela.

2021/05/20

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, maiatzaren 26tik ekainaren 18ra arte. Herri mailako bi sari emango dira, bata 200 eurokoa eta bestea 150 eurokoa eta, bestalde, eskualde mailako beste sari bat emango da, 250 eurokoa, Ermua eta Elgoibar herriek ere ekimena egingo baitute.

Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak herriko balkoiak eta leihoak apaintzeko hirugarren urtez antolatu duen lehiaketan parte hartzeko gonbidapena luzatu die herritarrei. Ekimena Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin antolatu du Udalak.

Lehiaketa honen helburua da, herritarren parte-hartzearen bidez, Eibarko ingurumen kalitatea eta itxura hobetzea, eta landareei eta loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortzea.

Lehiaketa eibartar guztiei zabalik dago. Horretarako, aurrez izena eman beharko da, maiatzaren 26tik ekainaren 18ra arte, udalaren webgunean eskuragarri egongo den formularioa betez edo maiatzaren 26an, 10:00etatik 13:00etara, Untzaga plazan egingo den lore banaketan. Untzaga Plazan banatuko diren loreetako bat jasotzeko, beharrezkoa da etxe guztietan banatu den inprimakia betetzea eta entregatzea.

Sariei dagokiez, herri mailako bi sari emango dira, bata 200 eurokoa eta bestea 150 eurokoa, Eibarko Merkataritza Gune Irekiko kide diren saltokietan erabiltzeko. Gainera, eskualde mailako beste sari bat emango da, 250 eurokoa, irabazleak bere herriko saltokietan erabil dezan.

Ekimen honi buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 70 84 08 telefonora dei dezakete edo ingurumena@eibar.eus helbidera idatzi. Halaber, lehiaketaren oinarriak udal webgunean eskuragarri izango dituzu: www.eibar.eus.

Epaimahaiak uztailean zehar ikusi eta baloratuko ditu balkoi eta leiho parte-hartzaileak, lore apainketa ederrenak saritzeko.

Bideoa: Alisoak - Balkoiak eta leihoak apaintzeko III. lehiaketa

Era berean, udal webguneko Ingurumen ataleko 'Balkoiak eta leihoak apaintzeko 3. lehiaketa' azpiatalaren barruan beste azalpen-bideo batzuk daude eskuragarri, beste lore mota batzuk landatzeko gomendio erabilgarriekin, hala nola Begoniak edo Tageteak.