Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak antolatutako ‘Berrerabili eta berrasmatu’ tailerren laugarren edizioa urritik abendura egingo da

Udalak antolatutako ‘Berrerabili eta berrasmatu’ tailerren laugarren edizioa urritik abendura egingo da.

Kartela.

2023/09/14

Aurrematrikulak egiteko epea astelehenean (irailak 18) irekiko da, eta 13 tailer eskainiko dira Eibarko denda eta erakundeen laguntzarekin. Tailerren helburua da eguneroko objektuak eta materialak konpontzen, berrerabiltzen, birziklatzen eta berrasmatzen ikastea, haien bizitza baliagarria luzatzeko eta, horrela, hondakin-kopurua murrizteko.

Eibarko Ingurumen Sailak ‘Berrerabili eta Berrasmatu’ tailerren edizio berri bat antolatu du; programaren helburua da jarraibide batzuk ematea eguneroko objektu eta materialen bizitza baliagarria luzatzen ikasteko, haien berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko eta balio erantsia emateko.  Tailerrak denden lankidetzarekin (Adarabar, Baratze, El Taller de Manualidades, Eskusutxo, Harixan eta Ludoteka Zorionak) eta beste entitate batzuekin batera (Klub Deportiboa eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua) antolatu dira; jarduerak denda eta entitate horietan egingo dira.  

2021 eta 2022ko udazkeneko eta 2023ko udaberriko hilabeteetan egin diren aurreko hiru edizioen arrakasta eta harrera ona ikusita, Udalak oraingoan urte honen amaieran antolatzea erabaki du.

Alkateak zera adierazi du: “Gaur egun birziklatzea eta berrerabiltzea ezinbestekoak dira hondakinen sorrera eta material berrien fabrikaziotik eratorritako efektu kutsatzailea murrizteko”. Eta, horregatik, “Eibarko Udalak lanean jarraitu nahi du politika jasangarriagoak garatuz eta gizarte osoa borroka horretan inplikatuz”.

Hala, tailer hauei esker, “etxean ditugun objektuak eta materialak modu atsegin eta ludikoan aprobetxatzeko ideiak jaso daitezke.”

Tailerretarako aurrematrikulak formalizatzeko epea datorren astelehenean, irailak 18, irekiko da eta irailaren 28ra arte egongo da zabalik. Aurrematrikula Pegoran egin beharko da edo Udaleko webguneko formulario honen bidez: https://formularioak.eibar.eus/eu/berrerabilietaberrasmatu2023-02/ 

Tailerrak adin nagusiko pertsonentzat dira eta pertsona bakoitzak gehienez hiru tailerretan eman ahalko du izena. Saioetako batean matrikulatutako pertsonen kopurua ezarritako gutxieneko ikasle kopurua baino handiagoa ez bada,  bertan behera geratuko da tailerra.

Eta aurrematrikula-kopuruak gainditu egiten badu eskuragarri dauden plaza-kopurua, zozketa egingo da.  Udalak onartuen zerrenda argitaratuko du Pegoran eta udal-webguneko ondorengo ataletan:  ‘Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak’ eta ‘Laburrak eta abisuak’ ataletan, urriaren 2an.  

Berritasun gisa, onartutako pertsonek urriaren 3tik 10era egingo dute matrikula, Udalaren web-orriko "Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak" atalean eskuragarri dagoen inprimakia betez. Matrikula Pegora Herritarrentzako Zerbitzuaren Bulegoko sarrerako ate ondoko postontzian utzi beharko da, (astelehenetik igandera, 7:30etik 21:30era).

Matrikula ez aurkezteak plaza galtzea ekarriko du.

Tailer hauei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, interesa dutenek ingurumena@eibar.eus helbidera idatzi edo 943708408 telefonora dei dezakete.

Lehenengo tailerraren izena ‘Etxeko oinarrizko konponketak: arotzeria' da. Bi hizkuntzetan izango da eta urriaren 17, 24 eta 31n eta azaroaren 7, 14 eta 21ean izango da, 17:30etik 19:30era, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain 2).

Urriaren 18an ‘Ikasi zure bizikleta konpontzen’ izeneko tailerra egingo da, 18:00eatik 20:00etara (bi hizkuntzetan), Errebal Plazan, Eibarko Klub Deportiboaren eskutik.

Hirugarren tailerra 'Etxeko oinarrizko konponketak: estaldurak eta pinturak' da, eta urriaren 19 eta 26an eta azaroaren 2, 9, 16 eta 23an egingo da. Euskaraz eta gaztelaniaz izango da, eta 17:30etik 19:30era emango da Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain 2).

Urriaren 21ean ‘Sortu zure ogitartekoak eta bestelakoak eramateko zorroa’ egingo da, bi hizkuntzetan, 11:00etatik 12:30era, Zorionak Ludotekan (Urkizu, 3).  

Tailerra egin bitartean, umeak zaintzeko zerbitzu bat eskainiko da (gehienez bi ume 4 eta 10 urte bitartekoak), Zorionak Ludotekako pertsonalaren zaintzapean.

Urriaren 28an, ‘Tapizatu eta estreinatu: zaharretik berrira’ tailerra egingo da. Gaztelaniaz izango da, 10:30etik 13:00era, el Taller de Manualidades dendan (Bidebarrieta 44).

Azaroaren 4an, ‘Birziklatu erabiltzen ez duzun arropa’ izeneko tailerra egingo da bi txandatan, 16:00etatik 18:00etara euskaraz, eta 18:00etatik 20:00etara gaztelaniaz. Harixan establezimenduan egingo da (San Agustin, 2).

Azaroaren 8an, ‘Berrerabili botila bat hodei-lanpara bat sortzeko’ euskaraz, 18:30etik 20:00etara, Zorionak Ludotekan (Urkizu, 3).  Tailerra egin bitartean, umeak zaintzeko zerbitzu bat eskainiko da (gehienez bi ume 4 eta 10 urte bitartekoak), Zorionak Ludotekako pertsonalaren zaintzapean.

Azaroaren 11n, ‘Sortu tapizak erabiltzen ez dituzun jantziekin’. Bi hizkuntzetan izango da, 11:00eatik 13:00etara Adarabar establezimenduan (Eulogio Garate, 6b).

‘Paperarekin jolasean: abalorioak eta osagarriak', azaroaren 18an (bi hizkuntzetan) Eskusutxon (Estaziño kalea, 16), 11:00etatik 13:00etara.

Hirugarren tailerra ‘Aprobetxamenduzko sukaldaritza: errezeta berriak’ azaroaren 15ean izango da, 18:00etatik 20:00etara, Portaleko Kultur Etxeko sukaldean, eta bi hizkuntzatan emango da, Baratze Gourmeteko taldearen eskutik.

Azaroaren 25ean eta abenduaren 2an, 10:30etik 13:30era, ‘Biziberritu zure altzariak eta dekorazio objektuak’ emango da Taller de Manualidades dendan (Bidebarrieta, 44).

Abenduaren 12an, 18:00etatik 20:00etara, "Aprobetxamenduzko sukaldaritza: postreak eta askariak" tailerra egingo da Portaleko Kultur Etxeko sukaldean, eta bi hizkuntzetan emango da Gourmet Baratzeko taldearen eskutik. Eta azkenik, abenduaren 14an, Adarabarren (Elogio Garate, 6b) ‘Berrasmatu etxerako apaingarriak beirari bizitza berria emanez’, 18:00etatik 20:00etara.

Tailerren prezioa 2 eta 15 euro bitartekoa izango da, iraupenaren arabera. Prezio horiek Eibarren erroldatuta dauden pertsonei aplikatuko zaizkie, eta Eibarren erroldatuta ez daudenentzat, berriz, 4 eta 25 euro bitartekoak izango dira.

Tailer hauek antolatzeko, Udalak dirulaguntza bat jaso du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailetik.