Udalak amaitu ditu Eibarko haurreskola berrietako obrak, eta lokalak Partzuergoari laga dizkio, kudeatu ditzan
Espazio berriek 40 plaza egokitzea ahalbidetuko dute, 0-2 urte bitarteko haurrentzat, Jazinto Olaben eta Blas Etxeberrian. Jarduketak Europar Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren finantzazioa izan du, eta zerbitzuaren doakotasunaren ondoren izandako eskaera handiari erantzuten dio.
Eibarko Udalak amaitu ditu haurreskolen sarera bideratutako bi lokal berrien lanak, eta orain Haurreskolen Partzuergoari lagako zaizkio martxan jarri eta kudeatu ditzan. Jarduketa honekin, udalerriak garrantzi handiko urratsa eman du haur heziketa goiztiarraren hezkuntza-eskaintza zabaltzeko eta hazten ari den 0-2 urte arteko umeentzako plaza eskaerari erantzuteko.
Espazio berriak 90 m-karratu ingurukoak dira eta Jazinto Olaben, udal ludotekaren ondoan, eta Blas Etxeberrian, Cascoko eraikinaren beheko lokaletako batean, egongo dira. Esku-hartze honi esker, datozen hilabeteetan, Eibarrek 40 haurreskola-plaza berri eskaini ahal izango ditu.
Guztira 463.042,84 euroko inbertsioa egin da obretan, eta Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak finantzatu dute, zerbitzu publikoak bultzatzeko eta kontziliazioan laguntzeko politiken esparruan.
Jon Iraola Eibarko alkateak jarduketa honen garrantzia azpimarratu du:“Obra hauek amaitzean Eibarko familiekin dugun konpromiso argia betetzen dugu. Behin obrak egokituta, instalazio biak Haurreskolen Partzuergoari lagako dizkiogu, martxan jar ditzaten eta zerbitzua berme guztiekin kudeatu dezaten”, adierazi du.
Iraolak gogorarazi du plaza-eskaria nabarmen igo dela zerbitzua doakoa denetik. “Gero eta beharrezkoagoa den baliabide bat da. Gure helburua eskaera horri aurre hartzea da eta ahalik eta plaza gehien izatea denbora laburrenean, izan ere, haur-hezkuntzan inbertitzea bizi-kalitatean eta gure herriaren etorkizunean inbertitzea da”, gehitu du.
Vanesa Hortas Hezkuntza Arloko zinegotziak ekimenaren inpaktu soziala nabarmendu du. “Azken hilabeteotan, familia askok adierazi digute beren kezka, plaza faltagatik. Bi lokal berri hauekin premia horri erantzun erreala eta eraginkorra ematen diogu, eta, hala, lana eta familia bateratzea erraztu eta bermatu egiten dugu kalitatezko hezkuntza zerbitzu baterako sarbidea hasierako etapetatik hasita”, baieztatu du.
Hortasek balioan jarri du proiektua gauzatzea ahalbidetu duen erakunde-lankidetza. “Europako eta Espainiako Gobernuaren finantzazioa funtsezkoa izan da inbertsio hau egin ahal izateko. Administrazioen arteko lankidetzak zerbitzu publikoak indartzea eta herritarrei arreta hobea ematea dakarrela erakusten duen adibide bat da ", amaitu du.


