Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak adingabeen eskolaz kanpoko jardueren % 100 lagunduko du diruz, ikasle horien familiek laguntza sozialak jasotzen dituzten kasuetan

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2022/09/05

Udal-programak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, Gizarte Larrialdietarako Laguntza, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jaso edo Elikagaien Bankuko programan sartuta dauden familiak hartuko ditu kontuan; gainera, ikastetxeetako Gurasoen Elkarteko kuota ere ordainduko die kolektibo horiei. Dirulaguntza hauek eskuratzeko epea irailaren 26an hasi eta urriaren 21ean amaituko da.

Eibarko Udalak aurten ere diruz lagunduko du Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Gizarte Larrialdietarako Laguntza jasotzen duten familietako seme-alaben eskolaz kanpoko jardueren % 100; aurten Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen duten edo Elikagaien Bankuko programan sartuta dauden familiei ere lagunduko zaie. Programa honetarako, Udalak 25.000 euro bideratu ditu bere aurrekontuetan.

Laguntza-programa honen oinarrien arabera (familiei, tutoreei edo harrera-familiei zuzendua), eskolaz kanpoko jardueratzat hartuko dira eskola-kirolaren programan sartzen direnak, bai eta herriko ikastetxeetako guraso-elkarteek antolatzen dituzten eskolaz kanpoko beste jarduera batzuk ere. Aurten, gainera, Gurasoen Elkarteko kuota ere diruz lagunduko da.

Eskola-kirolaren kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa jardueraren matrikularen zenbatekoa izango da. Gurasoen Elkartearen kuotarako, diruz lagunduko da baldin eta elkarteak kuota ordaintzea eskatzen badu antolatutako jardueretan parte hartzeko.  Hala bada, Udalak kuotaren zenbatekoa ordainduko du; gehienez ere 140 euro.

Dirulaguntza hau jasotzeko baldintzak hauexek dira: eskatzailea Eibarren erroldatuta egotea 2022ko urtarrilaren 1eko datan; Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren, Gizarte Larrialdietarako Laguntzaren, edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren titularra izatea edo Elikagaien Bankuko programan sartuta egotea 2022ko urtarrilaren 31ko datan; eta 2 urte edo gehiagoko eta 18 urte baino gutxiagoko adingabe bat bere kargu izatea (2005eko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean jaioa).

Bestalde, adingabeek Eibarren erroldatuta egon behar dute 2022ko urtarrilaren 1eko datan; deialdian zehaztutako eskolaz kanpoko jarduera bat egiteko matrikulatuta egon behar dute; eta inskribatuta egon beharko dute Eibarko ikastetxeetako guraso-elkarteren batean, betiere elkarteak antolatutako jarduera horietan parte hartzeko hala exijitzen denean.

Dirulaguntza hauek eskuratzeko eskabideak egiteko epea irailaren 26an ireki zen eta urriaren 21ean amaituko da; eskabidea egiteko eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Laguntza-eskabidea eta dokumentazioa modu elektronikoan aurkez daitezke, Udalaren web-orrian (www.eibar.eus) edo Pegoraren bulegoetan, astelehenetik asteazkenera, 8:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, eta ostegun eta ostiraletan 8:30etik 13:30era. Uztailaren 1etik irailaren 30era goizetan bakarrik, 8:30etik 13:30era.  

Duela zenbait urtetik Eibarren garatzen ari den udal-programa honek —urtero dirulaguntzen zenbatekoa gehitzen ari dena—  hauxe du helburu: bermatzea Eibarko haur bakar batek ere ez diola lagako, arrazoi ekonomikoengatik, eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeari, baldin eta jarduera horiek beren formazioa osatzen eta aisialdirako alternatibak eskaintzen badituzte.