Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 68.000 euroko gastua onartu du Eibarko gazteen emantzipazioa errazteko

2016/10/19

Udalak hogei bat eskaera onartu ditu eta hilero 110 eta 275 euro bitarteko diru-laguntzak emango dira.

Eibarko gazteen (18 eta 35 urte bitartekoak) emantzipazioa errazteko etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzen udal programa martxan da eta deialdia ekainean ireki zenetik lehendabiziko emaitzak zehaztu dira. Gauzak horrela, orain arte hogei eskaera onartu dira (bakarra ukatu da kontratua 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa baitzen); 18 eta 35 urte bitarteko 26 gaztek etekina atera diote, baita adingabeko pertsona batek ere, eskaera egin duen bikote baten alaba, hain zuzen ere.

Eskaera guztien ondorio bezala, Eibarko Udalak 68.114 euroko gastua onartu du  (2016. urteari dagozkion 29.540 euro eta 2017ko beste 38.574 euro). Edonola ere, deialdia irekita dago 2017ko azaroaren 16ra arte, beraz, diru-laguntzak eskuratzeko interesa duten gazteek denbora luzea dute eskaerak aurkezteko.

Onartutako eskaeren datuak aztertuta, diru-laguntzak eskuratu dituzten bizikidetza-unitateen osaera askotarikoa da; izan ere, lagunak, seme-alabak ez dituzten bikoteak eta alaba bat daukan bikotea  aurki ditzakegu. Programa horren barruan emandako diru-laguntzak, eta eskaera bakoitzaren ezaugarriak kontuan izanda, 110 eta 275 euro bitartekoak izan dira, alokairuaren errenta % 50, eta orain arte emandako gutxieneko portzentaia % 20 izan da. Diru-laguntza eskatu duten gazteek ordaintzen duten alokairuen errentei dagokienez, hilero 350 eta 550 euro bitartekoak dira. Alokatutako etxebizitzak Eibarren banatuta daude, erdialdetik auzoetaraino.

Betebeharreko baldintzak

Diru-laguntzak eskuratzeko honako baldintza hauek bete beharko dira: lehendabizi, alokatutako etxebizitzan bizi diren pertsona guztiek 18 eta 35 urte bitarteko adina izan beharko dute, mendeko adingabeak izan ezik; bigarrenez, bizikidetza unitateko kide guztiek ezin dute izan jabetzako etxebizitza, ezta azalera-eskubidea edota usufruktua ere. Honi dagokionez, salbuespena izango dira banandutako edo dibortziatutako pertsonak, genero indarkeriaren biktimak edo jabetza soila dutenak baina ez usufruktua beste bati egotzita dagoelako.

Bestalde, bizikidetza-unitateko pertsona batek, gutxienez, Eibarren erroldatuta egon behar izan du aurretik, 2 urtez jarraian, gutxienez, deialdia argitaratu denetik zenbatuta. Bizikidetasun-unitateko diru-sarreren mugak jarraian aipatzen diren kopuruen azpitik egon beharko du: 25.000 euro gordin urtero (kide bakarraren kasuan bizikidetza-unitatean); 39.000 euro gordin urtero (bi kide edo gehiago baldin badira). Bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonen kasuan, diru-sarreren zenbatekoa kalkulatzeko, seme-alaben mantenu-pentsioei dagozkien zenbatekoak kenduko dira, baita hileroko hipoteka-kuoten zenbatekoa ere.

Betebeharreko beste baldintza batzuk hauexek dira: bizikidetza-unitateko kideek ez dute lotura familiarra izan behar etxebizitza alokatzen duen pertsonarekin, odolkidetasun edo afinitateko bigarren mailara arte; bizikidetza-unitateko kide guztiek inskribatuta egon behar dute edota inskribatzeko eskaera egina izan behar dute alokairu-eskatzaile gisa Etxebiden, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan; ez dadila egon bizikidetza-unitatean etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriak eta antzeko izaera duen beste edozein laguntza ekonomiko jasotzen duen kiderik; edota alokairu-kontratua bizikidetza-unitateko kide guztien izenean egon dadila, bertako maizterrak familia-unitatea osatu ezean.

Diru-laguntza ez da emango jarraian aipatzen diren kasuetan: alokairu-kontratua 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa bada; alokatuko den etxebizitza promozio publikoko babes ofizialekoa izan dadila edo etxebizitza hutsen mobilizazioko programa bati lotuta, Bizigune, edota merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programari, ASAP edo antzekoei; alokairuagatiko errentak dagokion deialdian zehaztutako zenbatekoa gaindi dezala; errentamendu-kontratuaren iraupena urtebete baino gutxiagokoa izan dadila; edota diru-laguntzaz gozatu izana aurreko 5 urteetan zehar.

Diru-laguntzaren zenbatekoari dagokionez, finkatutako tarte-sisteman ezartzen da, eskatzaileek justifikatutako urteroko diru-sarreren arabera, tarte bakoitzari portzentaje bat emanda: urteko gordina 0,00 €-tik 9.000,00 € arteko bada, errentaren % 50 diruz lagunduko da; 9.001,00 €-tik 18.000,00 € artekoa bada, errentaren % 40 lagunduko da diruz; 18.001,00 €-tik 25000,00 € artekoa bada, errentaren % 30 lagunduko da diruz; eta 25.001,00 €-tik 39.000,00 € artekoa bada, errentaren % 20 lagunduko da diruz.