Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 40.000 euro inbertitzen ditu urtero Eibarko jardinetan sasoiko loreak landatzen

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2022/11/14

Datorren astean amaituko da udazkeneko loreak herriko lorategietan landatzeko kanpaina; aurrekoak kendu eta berriak jarriko dira. Arbolak inausteko kanpaina ere martxan jarri da: Untzagan hasi eta herriko beste leku guztietatik jarraituko du.

Eibarko Udalak udazken-sasoiko loreak landatzeko lanak egiten ari da jardin-guneetan, egun hauetan hasi eta datorren astera arte.  Urtero, udaberrian eta udazkenean, 40.000 euro inbertitzen ditu Udalak loreak landatzeko kanpainan.

Hala, hil honetan zehar, Udal Lantaldeko lorezainak landare zaharrak kentzen ari dira eta udazken-negu sasoikoak jartzen.

Kontuan hartuta jarduera honek herriaren irudi estetikoan duen garrantzia eta baita aurrekontua ere, Udalak ohartarazi nahi die, bereziki, txakurren jabeei, ez daitezela jardinetan sartu, eta kontuz ibil daitezela loreekin. Halaber, eskatzen zaio jendeari ez dezala lorerik hartu bere erabilera pribaturako —aspaldi honetan atzeman den bezala—, herriaren jabetza bat da-eta.

Zuhaitzak inaustea

Bestalde, azaroaren 9an hasi zen Eibarko arbolak inausteko urteroko kanpaina. Horretarako, zirkuitu bat diseinatu da inausketa-premietan oinarritua.  Untzagako zuhaitzen adarrak moztu ondoren, Urkizutik jarraituko da, eta ondoren honako leku hauetatik: Urki, Amaña, Legarre, Otaola hiribidea, Ipurua, Miguel de Aginaga, Txonta, Barakaldo, Barrena eta Azitain.

Inausketa-lanak bi fasetan egingo dira. Lehenengoan, abenduaren 31n amaituko dena, makina jasotzailea erabiltzea beharrezkoa den tokietan lan egingo da.  Bigarren fasean, urtarrilean, makina beharrezkoa ez den lekuetan jardungo da.