Udalak 25 urtera arte luzatuko du ikasten jarraitzen duten gazteentzako familiako kirol-abonua
Aldaketari esker, seme-alabek denbora gehiagoz jarraitu ahal izango dute udal-abonuan sartuta. 2027an udalak izoztu egingo ditu instalazio, abonu, jarduera eta kirol-ikastaroetako tarifak.
Eibarko Udalak 21 urtetik 25 urtera igoko du gehieneko adina, seme-alabek familiako kirol-abonuan sartuta jarraitu ahal izateko, betiere ikasten jarraitzen badute. Hartutako neurriaren helburua da udal-araudia familia askoren errealitate ekonomiko eta sozialera egokitzea; izan ere, gaur egungo gazteek formakuntza-garaia luzatu eta emantzipazioa atzeratu egiten dute.
Aldaketa honekin, udalak kirola egiteko erraztasunak eman nahi ditu, eta etxeetako gastuak arintzen lagundu, ikasten jarraitzen duten gazteek udalaren kirol-instalazioak orain arte familia-abonuak jasotzen zituen baldintza beretan erabiltzen jarrai dezaten.
Jon Iraola Eibarko alkateak udal-politikak herritarren egungo beharretara egokitzearen garrantzia azpimarratu du: “Lortu nahi duguna da Eibarko familiek udalaren babesa izatea eta egoera ekonomikoa kirola egiteko oztopo ez izatea. Familia-abonua 25 urtera arte luzatzea familia askoren errealitateari erantzuten dion neurria da, aukera ematen diguna gazteei laguntzen jarraitzeko ikasten ari diren bitartean”.
Bestalde, Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak azpimarratu du ekimenak xede bikoitza duela: familiei babesa ematea eta ohitura osasungarriak sustatzea. “Gazteen artean kirola egitea sustatu nahi dugu, eta ikasten ari diren bitartean gure udal-instalazioetara lotuta jarrai dezaten erraztu. Kirola osasuna eta ongizatea da, eta baita partekatzeko eta komunitatea egiteko modu bat ere. Adin-tartea luzatuta, Eibarko familia askoren benetako behar bati erantzuna ematen diogu”, azaldu du.
Tarifak izoztuta 2027an
Familia-abonuko adina luzatzea udalak kirola babesteko duen politikaren barruan sartzen da. 2027an, kirol-instalazio, abonu, jarduera eta ikastaroetako tarifak izoztu egingo ditu udalak, prezioak igo barik.
Familia-abonua egokitzeak aldaketa dakar indarrean zegoen erregulazioarekiko, orain artekoak aukera ematen baitzuen 21 urtera arteko seme-alabak sartzeko. Hemendik aurrera, ikasten jarraitzen dutenek 25 urtera arte baliatu ahal izango dute aukera hori, familia-modalitatearen bidez uda-kirolera sartzeko epea luzatu egingo baita.
Neurri honi esker, gazteek kirola egiten jarraitzea bultzatu nahi du udalak, eta familiei lagundu, udal-zerbitzuak egungo egoerara egokituz.