Udalak Ongizate Emozionalaren Udal Behatokia jarri du martxan osasun mentaleko arazoei aurrea hartzeko
Tresna berriari esker, herritarren egoera emozionala ezagutu ahal izango da, eta politika publikoak datu errealetan oinarrituta bideratu ahal izango dira, haurrei, nerabeei eta kolektibo zaurgarrienei arreta berezia eskainiz.
Eibarko Udalak Ongizate Emozionalaren Udal Behatokia jarri du martxan, alegia, Eibarko herritarren egoera emozionala modu zorrotz eta jarraituan ezagutzea ahalbidetuko duen tresna berria. Helburua da prebentzioan eta detekzio goiztiarrean oinarritutako zaintza-eredu bat indartzea, udalak zaurgarritasun egoerei aurrea hartu ahal izateko eta bere politika publikoak herritarren benetako premietara bideratu ahal izateko.
Proiektuak, Nexi Health SL enpresarekin batera garatu denak, Eibarko biztanleen % 30 inguruk parte hartzea du xede; izan ere, udalerriko ongizate emozionalari buruzko erradiografia zabala egin nahi du. Lortutako informazioari esker, hainbat aldagai aztertu ahal izango dira, hala nola adina, sexua, jatorria edo auzoa, egon daitezkeen beharrak identifikatzeko eta prebentzio-jarduerak planifikatzeko.
Ekimenak azken urteetan egindako hainbat udal diagnostikoren ondorioak ditu abiapuntu, besteak beste, Eibarko Gizarte Diagnostikoa, nahi gabeko bakardadeei buruzko azterketa eta Haurren eta Nerabeen I. Planaren esparruan egindako diagnostikoa. Lan horiek agerian utzi dute badirela ondoez emozional batzuk, ez direnak beti agerikoak izaten, eta, zenbaitetan, ez direnak zerbitzu publikoetara iristen.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du proiektuak aurrerapen bat dakarrela zaintza-politikei heltzeko moduan. “Osasun mentala eta ongizate emozionala gure garaiko erronka sozial handienetakoak dira. Horrelako egoera asko ezkutuan geratzen dira eta ez dira beti zerbitzu publikoetara iristen. Behatoki honen bidez, gure herritarren errealitatea hobeto ezagutu nahi dugu, eta lehenago jarduteko aukera izan”.
Iraolak informazio fidagarria izatearen garrantzia ere azpimarratu du. “Ezin ditugu politika eraginkorrak diseinatu, herritarren benetako egoera zein den ez badakigu. Nahi duguna da Eibar entzuten duen eta erabakiak ebidentzietan oinarrituta hartzen dituen herri bat izatea. Tresna honek lagunduko digu beharrei aurrea hartzen eta zaintzak udal-ekintzaren erdigunean jartzen”, adierazi du.
Sonia Archelik Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, Behatokia, hain zuzen, Udalak egindako diagnostikoetan antzemandako beharretatik sortu da. “Bada sufrimendu emozional bat, ez dena beti agerikoa, eta pertsona batzuek ez dute laguntzarik eskatzen. Errealitate horietara hurbildu nahi dugu, lehenago eta hobeto esku hartu ahal izateko. Behatoki honek ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzeko aukera emango digu, eta ez bakarrik pertzepzioetan”.
Tresna honek arreta berezia eskainiko die haurrei eta nerabeei, kolektibo horiek baitira udala kezka nagusia. “Antsietatearekin, autoestimuarekin, presio sozialarekin edo ziurgabetasunarekin lotutako zailtasunak gero eta eragin handiagoa izaten ari dira gazteen artean. Nola sentitzen diren hobeto ezagutzeak haien ongizatea sustatzeko ekintza eraginkorragoak diseinatzea ahalbidetuko digu”, azaldu du Archelik.
Informazioa hainbat kanalen bidez bilduko da, herritarrek kanal digitalak eta telefono deiak erabilita parte hartu ahal izango dute-eta. Horretarako, Bruna egongo da, ongizate emozionalean espezializatutako elkarrizketa-agentea, zeinak aukera emango duen parte-hartzea errazteko eta tresna digitalekin hain ohituta ez daudenei proiektua hurbiltzeko. Horren harira, telefono bidez arreta espezifikoa eman nahi zaie 50 urtetik gorako pertsonei.
Udaletik adierazi dutenez, elkarrizketak pribatuak eta isilpekoak izango dira. Gainera, parte-hartzaileek osasuna eta ongizate emozionala sustatzeko gomendioak, aholkuak eta baliabideak dituen plataforma bat erabili ahal izango dute.
Udalak Behatokian parte hartzeko deia egin die herritarrei. “Zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu, orduan eta zehatzagoa izango da Eibarko ongizate emozionalari buruz lortuko dugun argazkia, eta hobeto bideratu ahal izango ditugu baliabide publikoak herritarren benetako premietara”, adierazi du Archelik.
Behatoki berria udal-estrategia zabalago baten barruan kokatu behar da, zaintzaren ekosistema integral bat eraikitzera bideratua, nahi gabeko bakardadearen, zaintzaren, diagnostiko sozialaren eta berdintasunaren inguruan egindako lanekin batera.
“Gure nahia da pertsonak hobeto zainduko dituen eta zailtasunak lehenago antzemateko gai izango den herri bat edukitzea. Behatoki honek tresna bat emango digu gure errealitatea hobeto ezagutzeko eta etorkizunean beharko ditugun erantzunak prestatzeko”, esanez amaitu du alkateak.