Eibarko Udala
obrak

Hurrengo egunetan hasiko dira Egogaineko autobus-geltokiko itxarongela egiteko lanak

2026/10/07
Artxiboko irudia.

Estudios y Obras Rekalde SL enpresari esleitu zaizkio lanak (331.512 euro), 15 asteko exekuzio-epea izango dutenak.

Eibarko Udalak laster hasiko ditu Egogaineko autobus-geltokiko itxarongela egokitzeko lanak. Estudios y Obras Rekalde SLri esleitu zaizkio, 331.512 euroan, eta 15 asteko epea izango dute egiteko. Udalaren aurreikuspenen arabera, lanak urriaren 12tik 16ra bitarteko astean hasiko dira.

Jarduketa honi esker, geltokiaren egungo espazioa itxarongela itxi, irisgarri eta ekipatu bihurtuko da, eta nabarmen hobetuko ditu garraio publikoaren eguneroko erabiltzaileen baldintzak. Lokal berriak 100 metro koadro izango ditu gutxi gorabehera, eta egoteko guneak, komunak, armairuak eta erabiltzaileentzako informazio-sistemak izango ditu.

Horrez gain, eraikineko bizilagunekin hitz egin ondoren, aretoa intsonorizatzeko neurriak ere jasoko ditu proiektuak, izan daitezkeen eragozpenak minimizatu eta ingurukoekin elkarbizitza ona bermatze aldera.

Proiektuak bi sarbide aurreikusten ditu: bata, Egogain kaletik, supermerkatuaren ondotik, eta, bestea, San Andres pasealekutik. Konfigurazio horri esker, espaziorako sarbidea erosoagoa izango da, eta geltokiaren inguruarekin eta guneko gainerako garraiobideekin duen lotura indartuko du.

Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi duenez, “obra hauekin pauso garrantzitsu bat ematen dugu denbora luzez beharrezkotzat jo dugun hobekuntza bat errealitate bihurtzeko”. Horren harira, nabarmendu du “autobusa egunero erabiltzen dutenek baldintza egokietan itxaron ahal izateko espazio bat” behar dutela, “bereziki euria, hotza edo beroa egiten duen egunetan”.

Iraolak gaineratu duenez, “jarduketa hau Udalak zerbitzu publikoak eta mugikortasunari lotutako guneak hobetzen jarraitzeko hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da. Autobus-geltokia jende askok egunero erabiltzen duen Eibarko sarrera- eta irteera-puntua da eta gaur egungo beharrekin bat datozen instalazioak izatea nahi dugu”.

Bestalde, Obretako zinegotzi Andoni Ameztoyk azaldu duenez, “behin kontratazio-prozesua osatuta, lanak urriaren bigarren astean hasteko moduan gaude jada”. Adierazi duenez, “aurreikusitako epea 15 astekoa da, eta obrak egin bitartean ahalegina egingo da lanak eta geltokiaren ohiko funtzionamendua bateragarri egiteko eta erabiltzaileengan ahalik eta eragin txikiena izateko”.

Ameztoyk nabarmendu duenez, “proiektuak aukera emango du gaur egun horrelako geltoki baterako nahi ditugun baldintzak ez dituen espazio bat aprobetxatu eta eraldatzeko”. Lokal berriak beharrezkoak diren zerbitzuak izango ditu jendea erosoago eta seguruago egon ahal izateko autobusaren zain.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak finantzatzen du jarduketa, LJE funtsen bidez, eta udalaren esku-hartze berri bat dakar, garraio publikoari lotutako ekipamenduak eta zerbitzuak hobetzera bideratua.

Lan hauekin Eibarko Udalak beste urrats bat emango du proiektu hau errealitate bihurtzeko, Egogaineko geltokiari herritarren egungo beharretara egokitutako itxarote-espazio bat emateko.