Eibarko Udala
kirolak

Ibilixan-eko ibilaldi osasungarriak egingo dira berriz ere urrian

2026/10/06
Artxiboko irudia.

Urtebete geldirik egon ostean, urrian eta abenduan doako sei irteera aurreikusi dira.

Urtebeteko geldialdiaren ondoren, datorren urriaren 9an jarriko da berriz ere martxan Ibilixan, Eibarko Udalak herritarren artean jarduera fisikoa, sozializazioa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko bultzatutako ibilaldi osasungarrien programa.

Programa hau Mugiment bezalako sareei eta Euskadiko Osasun Publikoaren estrategiari lotutako ekimen lokal eta komunitarioen parte da, eta bizitza aktiboagoa sustatzea bilatzen du, adin guztietako pertsonei zuzendutako jarduera erraz, irisgarri eta ireki baten bidez.

Helburu hauek ditu, besteak beste: taldean jarduera fisikoa eginez bizikidetza eta sozializazioa sustatzea, adineko herritarrak dinamizatzea, sedentarismoari aurre egitea eta Eibarko hiri-zirkuituen eta parke bio-osasungarrien erabilera bultzatzea.

Jon Iraola alkateak horrelako ekimenak berreskuratzearen garrantzia azpimarratu du: “Jarduera xumea da Ibilixan, baina sekulako balioa du. Ibiltzera ateratzea gure osasuna zaintzeaz gain, elkarrekin egon, hitz egin eta talde-loturak izateko modu bat da. Gure helburua da pertsona guztien eskura jartzea Eibarren mugitu eta aktibo egotea”.

Bestalde, Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak herritarrak ekimenean parte hartzera animatu ditu: “Ez da beharrezkoa prestakuntza fisiko berezirik izatea, ezta aurretik izena ematea ere. Jarduera honekin, bakoitza bere erritmora, mugikortasuna eta ongizatea hobetzen laguntzea lortu nahi da. Ibilixan-ek apustu egiten du  adin guztietarako kirol irisgarriaren alde”.

Andoni Azpiazu MOGIDU zerbitzuko hezitzaile fisikoak dinamizatuko ditu hamabost egunean behin egingo diren ibilaldiak, eta, doan eta aurrez izena eman beharrik gabe. Irteerak beren bizi-kalitatea eta mugikortasun fisikoa landu eta hobetu nahi duten herritar guztiei daude irekita. 

Hauek dira 2026ko azken hiruhilekorako aurreikusitako datak:

  • urriak 9 eta 23
  • azaroak 6 eta 20
  • abenduak 4 eta 18

Irteera guztiak 10:00etan hasiko dira eta ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena izango dute. Elkargunea Toribio Etxeberria anbulatorioko plazatxoa izango da.

Udalak gonbita egiten die herritarrei elkarrekin ibiltzera ateratzeko eta proposamen hau eguneroko errutinan sartzeko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, MOGIDU zerbitzuarekin harremanetan jar daiteke, 688 724 174 telefonoan edo mogidu@eibarkirola.eus posta elektronikoaren bidez .