Eibarko Udala
Gizartekintza

Udalak 214 txosten tramitatu ditu atzerritarren ezohiko erregularizazio-prozesuaren lehen astean

2026/04/23
Gizartekintzako logotipoa.

Gizartekintzak eskari asko jaso dituenez, zerbitzua indartu behar izan du. Maroko eta Kolonbiako herritarrak dira eskabideak egin dituzten gehienak.

Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailak atzerritarrei zuzendutako ezohiko erregularizazio-prozesuaren lehen balantzea egin du; izan ere, eskari asko jaso dituzte udalean, eta koordinatzen ari dira  erantzun bateratu bat emateko.

Gizartekintza Arloak kudeatzen duen prozedurak zaurgarritasun-txostena lortzea du xede, dokumentu hori ezinbestekoa baita erregularizazio-prozesuari heldu ahal izateko. Lehen aste honetan, jende asko etorri da zerbitzura, batez ere astelehenean, dispositiboa martxan hasi zen egunean. Egun horretan 270 pertsona artatu ziren; horien erdiak, gutxi gorabehera, izapide honekin lotutakoak.

Guztira, lehen egun hauetan, 214 zaurgarritasun-txosten egin dira Gizartekintza Zerbitzuan, astelehen, astearte eta asteazkenetan, goizeko ordutegian. Talde teknikoa handitu behar izan dute eskaerei  erantzuteko.

Eskatzaileak 24 herrialdetakoak dira, eta Maroko eta Kolonbiako herritarrak dira eskabideak egin dituzten gehienak.

Zerbitzuak hitzordurik gabe funtzionatzen jarraituko du, harik eta ezohiko erregularizazio-prozesua amaitu arte (ekainak 30). Ordutegia 9:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da, eta iritsi ahala emango da arreta.

Horrez gain, Udalak Pegoraren eta Gizartekintza Sailaren arteko koordinazio-lana nabarmendu du, lankidetza horri esker pertsona bakoitzaren egoera arinago eta egokiago bideratzen ari baita. Udaleko iturrien arabera, koordinazio hau funtsezkoa izaten ari da prozesu osoan arreta egokia eta orientazio hobea bermatzeko.

Jon Iraola Eibarko alkateak udala ematen ari den erantzunaren garrantzia azpimarratu du.

“Eibarko Udala beharrezkoak diren baliabide guztiak jartzen ari da prozesu hau berme guztiekin, gertutasunarekin eta eraginkortasunarekin egin dadin. Tramite bakoitzaren atzean pertsona eta errealitate askotarikoak daude, eta gure konpromisoa da inor ez dadila geratu, hain une garrantzitsuan, behar duen informazio eta akonpainamendurik gabe”.

Bestalde, Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak zerbitzuaren antolaketa eta talde teknikoaren ahalegina nabarmendu nahi izan ditu. 

“Gizartekintza Sailaren antolaketak bi helburu ditu: zaurgarritasun-txostena behar duten pertsonei arreta arin eta eraginkorra bermatzea, eta, aldi berean, herritarren gizarte-premiei erantzuten dieten gainerako zerbitzuen funtzionamendu egokia ziurtatzea”.

Udalak azpimarratu du dispositiboak eskarira egokitzen jarraituko duela datozen asteetan, arreta ordenatua, gizatiarra eta eraginkorra izateko helburuarekin, udalerriaren ezaugarri den gertuko zerbitzu publikoaren tradizioarekin bat etorriz.