Udalak 2.000 euro bideratuko ditu Pakistango uholdeek kaltetutako pertsonei laguntza humanitarioa emateko

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2022/09/14

Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da laguntza. Erakunde hori biztanleria zibilarekin ari da lanean lehen laguntzak ematen. 1.200 pertsona baino gehiago hil dira, eta 33 milioi pakistandar baino gehiago ondorioak sufritzen ari dira.

Eibarko Udalak, Alkatetzaren proposamenez, 2.000 euro bideratuko ditu laguntza humanitario gisa, Pakistanen izaten ari diren uholdeek kaltetutako pertsonei laguntzeko. Laguntza Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da, kaltetutako biztanleria zibilarekin lanean ari den erakundea.

Pakistan inoizko uholderik larrienak jasaten ari da, azken asteotako montzoi-euriteek aurretik ikusi gabeko prezipitazioak utzi baitituzte lurraldearen heren batean.  Euriteen ondorioz, herrialdea krisi humanitario larrian murgilduta dago, eta Gobernuak kalamitate-egoera deklaratu du.

Gurutze Gorriaren txosten baten arabera, orain arte 1.200 pertsona baino gehiago hil dira, eta 33 milioi pakistandar baino gehiago ondorioak sufritzen ari dira. Gainera, milioi bat etxebizitzatik gora erabat suntsituta edo larri kaltetuta geratu dira, 800.000 abelburu baino gehiago galdu eta nekazaritzako ehunka mila hektarea lur suntsitu dira.

Egoera horri gehitu behar zaio ur-hornidurako sistemen % 30 inguru kaltetu direla, eta, ondorioz, biztanleek ezin dute edateko urik eskuratu, eta gaixotasun infekziosoen agerraldiak areagotu egin dira, hala nola tifusa, elgorria eta dengea. Gainera, gune asko bakarturik geratu dira, euriteek errepideetan eta zubietan eragin dituzten kalteak direla-eta.

Egoera kezkagarri horren aurrean, Pakistanek nazioarteari elkartasun-deia egin dio, eta, beste elkarte batzuen artean, Gurutze Gorria zuzenean ari da lanean biztanleria zibilarekin, lehen laguntzak emanez eta premiazko produktuak hornituz.

Egoera horri erantzuteko, Eibarko Udalak erabaki du laguntza humanitarioa bideratzea Pakistanera, Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bidez, mundu mailan egindako laguntza- eta lankidetza-deialdiari erantzuteko.  

Eibarko udal-aurrekontuek urtero 6.000 euroko partida izaten dute era honetako larrialdietarako laguntzak bideratzeko. Hain zuzen, aurtengo otsailean 3.000 euroko beste dirulaguntza bat ematea erabaki zen, errusiar tropen inbasioak eragindako Ukrainako gerraren ondorioak arintzen laguntzeko.

Iaz, Udalak, dirulaguntzak onartu eta bideratu zituen (haietako bakoitza 2.000 eurokoa) Gazako gatazkaren, Haitiko lurrikararen eta La Palmako sumendiaren erupzioaren ondorioz eragindako biktimentzat.