Udala posizioak hartzen ari da Matxaria ingurua berroneratzeko xedez
Joan den abenduaren 30ean, Udalak ABC enpresak Matxarian zituen lokal zaharrak erosteko aukera-kontratua sinatu zuen; aurten erosiko da eraikina. Jarduketa Matxariako industrialdea berroneratzeko proiektuaren barruan sartzen da, Debarrenako Eskualdeko Plan Estrategikoaren testuinguruan, eta industrialdeko oinezkoen eta ibilgailuen arteko lotura hobetzea du xede.
Eibarko Udalak iragarri du 2026an Matxaria industrialdean dauden bi industria-eraikin erosiko dituela, zehazki, ABC enpresa eibartarraren tailer zaharrak.
Udalaren helburua industrialdea berroneratzea eta hobetzea da, batez ere hirigunetik hurbilen dagoen eremua.
Aurreikusitako neurri nagusien artean daude, alde batetik, aparkaleku-eremu bat egitea, gaur egun udal-garabiarentzat den espazioa hartuko lukeena, eta, bestetik, oinezkoentzako ibilbide bat sortzea. Industrialdeko langileak eta bertan kokatutako zerbitzuen erabiltzaileak aspalditik ari dira eskatzen horrelako bide bat, Matxariaren beheko aldea goiko aldearekin modu seguruan eta irisgarrian lotzeko.
Xede horrekin, Udalak eraikin batzuk eraitsi nahi ditu, hala, espazioa berrantolatu, sarbideak hobetu eta enpresei, langileei eta oinezkoei mugikortasun seguruagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko.
Jarduketa hau garrantzi handiko lana da Matxariako industrialdea berroneratzeko prozesuan, herriko industriagunerik nagusienetako bat da-eta.
Proiektu honek bat egiten du Udalak 2026an hiriko industrialdeak hobetzeko abian jarriko dituen beste jarduera estrategiko batzuekin. Lan horietako batzuk dira, besteak beste, Azitaingo industrialdeko sarbidea hobetzea (ibilgailuen zirkulazioa hobetzeko dauden bihurguneetan esku hartuko da) edo Erisonoko industrialderako sarbideak hobetzea. Horrela, udalak indartu egiten du bere apustua industrialde modernoagoak eta funtzionalagoak izateko eta egungo premietara egokitzeko.
Joan den abenduaren 30ean, Udalak higiezin horiek erosteko aukera bat sinatu zuen, eta erosketa 2026an formalizatuko da behin betiko. Era berean, hasi berri den ekitaldi hau aprobetxatuko du udalak Matxariako poligonoko jarduera-ildo nagusiak zehazteko, besteak beste, dagoeneko aipatu ditugunak.
Jon Iraola Eibarko alkateak ekimen honen garrantzia azpimarratu du: «Hiria epe ertain eta luzera eraldatzeko proiektu estrategikoak bultzatzen ari da udala. ABCrenak izan ziren pabiloi hauek eskuratuta, espazio degradatuak kendu eta Matxariako goiko aldeko enpresetarako sarbideak nabarmen hobetu ditzakegu; espero dugu horrek guztiak eragina izatea Eibarrera enpresa gehiago etor daitezen».
Iraolak adierazi du jarduketa hau hirigintza-eragiketa soil bat baino gehiago dela: «Inbertsio honek inpaktu zuzena du jarduera ekonomikoan eta Eibarrek hiri industrial moderno eta ordenatu gisa duen irudian».
Iraolak mugikortasuna eta enpresetarako sarbideak hobetzearen garrantzia nabarmendu du: «Poligonoaren goialderako sarbideak optimizatzea funtsezkoa da han dauden enpresen eta gimnasioetako eta kirol-instalazioetako erabiltzaileen egunerokoa hobetzeko. Industrialde konektatuak, irisgarriak eta prestatuak nahi ditugu jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko».
«Inbertsio hauek hiriaren ikuspegi global bati erantzuten diote, non garapen ekonomikoa, hiri-berroneratzea eta zerbitzu publikoen hobekuntza eskutik doazen, Eibar udalerri dinamiko eta etorkizunarekin konprometitua kontsolidatuz».
Bestalde, Alberto de la Hoz, Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak erosketa ospatu du, "hiri-mugikortasunaren hobekuntzan aurrera egiten jarraitzen dugulako. Matxaria inbutu bat da, bai trafikoarentzat bai oinezkoentzat, eta ekintza honekin konpondu egingo da. Gainera, Estaziñoren ondoko bizilagunentzat eta enpresentzat aparkaleku berri bat sortuko da, aspalditik eskatzen ari diren behar bat da, gaur egun dituzten urritasun-arazoengatik, pabilioietara sartzen diren kamioien maniobren zailtasunaz gain".
Proiektu hau Debabarrena Eskualdeko Plan Estrategikoaren (LJE) barruan kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzaren 1.750.000 euroko dirulaguntza izango du 2025 eta 2028 bitartean.
Eragiketa honek aukera emango du gaur egun muga handiak dituen gune batean esku hartzeko.Titulartasun pribatuko bi pabiloiek urte asko daramatzate erabilerarik gabe, eta horrek arazoak sortu ditu bai urbanistikoki bai funtzionalki. Eraikinen oraingo egoerak irisgarritasuna zaildu eta industrialdearen irudia kaltetzen du.