Eibarko Udala

Ubitxa eta San Kristobal arteko bigarren igogailua eraikitzeko lanak direla-eta aldaketak egin beharko dira trafikoan

2022/09/19
Ubitxa eta San Kristobal lotuko dituen bigarren igogailuaren maketaren irudia.
San Kristobal kaleko zati bat itxita egongo da, gaur (astelehena) hasi eta datorren urteko apirilera arte; zirkulazioa Fray Martin Mallea kaletik desbideratuko da. Trafikoari itxita geratzen den tokia makina astunek, obrako materialek eta lanak egiteko ibilgailuek erabiltzeko izango da.

Ubitxa eta San Kristobal auzoa lotuko dituen bigarren igogailua eraikitzeko lanak aurrera doaz, abuztuan zehar mikropiloteei eusteko hainbat lan egin ondoren. Hemendik aurrera egingo diren jarduketetarako –igogailuaren hobia, hormak eta hormigoizko egitura egitea– makina astunak eta tona askoko ibilgailuak erabili behar direnez, aldaketak egin beharko dira ibilgailuen trafikoan.      

Igogailua Ubitxa kaleko 4. zk.ko eraikinaren inguruan kokatuko da, hamar bat metroko desnibela gaindituko du, eta hiru geraleku izango ditu: bat Ubitxa 6 eta San Kristobaleko 21. zenbakietara iristeko, beste bat San Kristobaleko 19 eta Ubitxa kaleko 4 kanpoaldera iristeko, eta hirugarren bat, pasarela baten bidez, San Kristobalgo goialdeko espaloira iristeko.

Lan horien ondorioz, San Kristobal kalea, 9. zenbaki parean, Fray Martin Mallearekin gurutzatzen den tokitik (aldapa erdian) auzoaren alderik goreneraino, itxita egongo da hainbat hilabetez.  Aurreikuspena da San Kristobalgo zati hori (2 eta 12b zenbakien artean) ez dela irekita egongo ibilgailuentzat 2023ko apirilaren 30era arte; nolanahi ere, data hori alda liteke egin beharreko lanen erritmoaren arabera.

San Kristobaldik irteteko, ibilgailuek Fray Martin Mallea kaletik jo beharko dute. Alegia, auzoaren goialdetik, San Kristobaldik Sostoaraino jaitsi nahi dutenek ezingo dute ohiko bidetik egin, eta Mallea kaletik desbideratu beharko dute, kale horretako azkeneraino iritsi arte eta errepidera itzuli, Ipuruako futbol-zelaiaren aldamenetik. Horretarako, Fray Martin Mallea kaleko zirkulazioaren ohiko noranzkoa aldatuko da, 2 eta 6 zenbakien artean.

Hilabete hauetan zehar, zirkulaziorako ixten den San Kristobalgo gune hori obretarako beharrezkoa den makineria astuna instalatzeko erabiliko da, obra-materialak gordetzeko eta garraitzeko, bai eta lanean jardungo duten ibilgailuak mugitzeko ere.

Lanak egin bitartean, Udalak unean-unean jakinaraziko du ibilgailuen nahiz oinezkoen trafikoan zer aldaketa egingo diren, eta eremu osoa behar bezala seinaleztatuta egongo da. Gainera, auzoko pegoretan ohar bat jarri da gaurtik aurrera, hilak 19, izango diren trafiko-aldaketen berri emanez.

Bestalde, eta lehen igogailuen lanak direla-eta —exekuzio-fasean daude—, urritik aurrera, eta, noizean behin, trafikoa eten egingo da Ubitxa kalean. Eten horiek gauez egingo dira eragin handirik ez izateko eta betiere Udalak jakinaraziko ditu, behar denean.  

Astelehenetik aurrera gauzatuko den proiektua Ubitxa inguruko irisgarritasuna hobetzeko eta San Kristobalekin lotzeko planaren barruan dago sartuta. Planaren arabera, bi igogailu publiko eraikiko dira. Horietako lehena exekuzio-fasean dago eta datozen hilabeteotan amaitzea aurreikusten da. Igogailu hori Ubitxa eta Sostoa arteko bihurgunetik abiatzen da, eta etxebizitza-eraikinen artetik igarotzen.

Bi igogailuek oinezkoentzako ibilbide bat osatuko dute, zerbitzua emango diena inguru horretako 1.000 bat auzokideri.  Bigarren igogailuaren lanak Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAU   enpresari esleitu zizkion Udalak, 936.209 eurotan.