Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Txontako auzokideek beren etxebizitzak zaharberritzeko 2,3 milioi euro eskuratzeko oinarriak prest

Txontako auzokideek beren etxebizitzak zaharberritzeko 2,3 milioi euro eskuratzeko oinarriak prest

Txonta auzoa.

2018/05/11

Diru-laguntza duela hilabete batzuk eman zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailak, eta 17 pegora eta 221 etxebizitza izango dira onuradun. Txontako Mahaia maiatzaren 14rako deitu du Udalak, auzotarrei diru-laguntzen baldintzak azaltzeko.

Hainbat hilabetez lanean jardun ostean, Udalak amaitu ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailak, Txontako bizilagunei duela hilabete batzuk emandako 2,3 milioi euroko diru-laguntza arautzeko Oinarriak; laguntzak auzoko etxebizitzak modu integral eta eraginkorrean zaharberritzera bideratuta daude.  

Oinarrien edukia ofizialki aurkeztuko da "Txontako Mahaian", maiatzaren 14an.

Eusko Jaurlaritzako laguntza ekonomikoaren onuradun 17 pegora eta 221 etxebizitza izango dira eta helburua izango da auzoaren zaharberritze integral eta eraginkorra egitea; Oinarrietan jasotako esku-hartze guztiak lagunduko dira diruz, besteak beste, igogailuak jartzea, arrapalak egitea,  etxebizitzetara iristea bermatzen duen beste edozein obra eta eraikin-estalduraren (fatxada, teilatua, hegalak...) hobekuntza, haren kalifikazio energetikoa, gutxienez, letra batean hobetzeko.

Halaber, energiaren kontsumoa murrizteko borondatezko beste jarduera batzuk lagunduko dira diruz, hala nola galdara indibiduala ordeztea errendimendu altuko gas naturaleko beste batez; ur beroa lortzeko sistemak ezartzea, eguzki-xafla termikoen bidez; edo berogailu-sistemak eta ur bero zentralizatua izatea, biomasa-galdara edo energia berriztagarriko beste sistema batzuk jarrita.

Diru-laguntza hauek jaso ahalko dituzte 2019ko abenduaren 30era arte eskera egiten duten jabekide-komunitateek, eta baita ere, 2017an diruz lagungarriak diren esku-hartzeak egin dituztenek, eta diru-laguntzen indarraldiko epean eraikinaren zaharberritzea integrala lortu arte esku-hartze horiek osatzen dituztenek.

Egingo den esku-hartze bakoitza Oinarrietan aurreikusitako zenbatekoaren arabera lagunduko da diruz; edozein kasutan ere, aurreikusten da atari bakoitzak egingo den obra-zenbatekoaren % 60 jasoko duela, gutxi gorabehera. Bestalde, diru-laguntza hau bateragarria da xede bereko beste administrazio publiko zein pribatuek ematen dituzten laguntzekin, eta, bereziki, Eibarko Udalak fatxadak berritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko ematen dituen laguntzarekin, salbuespena izanik Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailak emandakoak.

Udalak, Txonta auzoko errealitate sozioekonomikoa kontuan harturik, diru-laguntzaren zati bat (200.000 euro) bideratuko du Funts gehigarri bat sortzeko, haien egoera ekonomikoa dela-eta obrak egin ezin dituzten auzokideentzat. Modu horretan lortu nahi da diru-arrazoiengatik auzotarrek beren etxebizitzen zaharberritze integrala egin barik ez geratzea.

Horren haritik, eta jakinik diru-laguntza berezien (200.000) Funts gehigarria ez dela aski izango auzoaren premiei erantzuteko, Udalak konpromisoa hartzen du Funtsari behar diren bitarteko ekonomikoak jartzeko, zenbateko horiek nahikoa izateko.

Urtero 21.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrera haztatuak dituzten Txonta auzoko elkarbizitza-unitateek aipatutako diru-laguntza gehigarri hori jaso ahalko dute (hori guztia bat etorriz diru-laguntza gehigarri hori emateko Oinarrietan ezartzen diren baldintzekin); hala, onuradunen baldintza ekonomikoen arabera, egingo diren obren % 100 diruz lagundu ahalko da.

Eibarko Udalak beste behin ere auzoarekin duen konpromisoa eta borondatea azpimarratu nahi ditu, Txontako zaharberritze integrala errealitate izan dadin.

Aurrekoari gehitu behar zaio, laster, Udalak igogailu publiko bat egiteko kontratazioa egingo duela; igogailua, Txonta kaleko 42 eta 44 zenbakien artean egongo da, eta kale hori Galiziako Pasealekuarekin lotuko du; horrek inguruaren urbanizazioa hobetuko du, auzoari aisialdi gune bat ekarriko dio eta Txonta kaleko 44-52 arteko zenbakien irisgarritasuna erraztuko du.

Azkenik eta diru-laguntzaren zenbateko osoaren kargura, Udalak laster (behin lokal egoki bat izan ondoren) informazio-bulego bat irekiko du Txontan, non auzokideek diru-laguntzen berri jasoko duten (bai aipatutakoan aurreikusiak, bai beste edozein), eta bidezko jotzen dituzten kontsultak egin ahalko dituzten, kontratatzen dituzten obren proiektuen inguruan. Bulegoak emango duen zerbitzuaren kostuak, gutxi gorabehera, 200.000 euroko aurrekontua izango du.