Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Txakurrak paseatzeko eremua Itzioko parkean

Txakurrak paseatzeko eremua Itzioko parkean

Itzioko parkea.

2017/11/13

495 m2-ko eremua du. Parkearen beste zati bat erabilera publikorako laga da. Proiektua Marcan Huella animalien defentsarako elkartearekin batera burutu da eta, erabilera egokia izanez gero, etorkizunean halako gune gehiago sortuko dira herriko beste leku batzuetan.

Aste honetatik aurrera, Itzioko parkean esparru hesitu bat egongo da txakurrak paseatzeko; azken hilabeteotan, Eibarko Udalak ekimen hau lantzen jardun du, Marcan Huella animalien defentsarako elkartearekin batera.   

Beste herri batzuetan ere egin den proiektua, funtsean, hauxe da: berdegune  jakin bat aukeratu eta hesiz inguratzea txakurrak hiri-inguruan solte ibiltzeko, pertsonen eta animalien arteko elkarbizitza errazagoa izan dadin. Izan ere, txakurrentzako barruti hesituaz gain, Itzioko parkeak beste zati handi bat izango du lehengo erabilerekin, hau da, erabilera publikoarekin, mahaiak eta gainerako hiri-altzariak barne.

Hainbat aukera aztertu ondoren, azkenean Itzioko parkea hautatu da. Mugatu eta hesitutako guneak 495 metro kuadroko azalera dauka eta saihesbideak zedarritutako parkearen angeluan kokatzen da: alde batetik, Arrateko errepidera ematen duen mendi-hegala eta, bestetik, Itzioko berdegunea bera. Esparrua egokitzeko lanen kostua 3.800 eurokoa izan da (BEZa barne). Halaber, parkearen perimetroa mugatzen duten hesi metalikoetan dauden zuloak eta akatsak konpondu dira.

Sortutako barrutia osatzeko, Marcan Huella elkartekoak kartel bat prestatzen ari dira gunearen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak zehaztuko dituena, eta hesitutako esparruan jarriko dena. Kartel horretan, besteak beste, erabilera-baldintzak zehaztuko dira, eta baita lekua garbi izateko betebeharra eta txakurren kakak jasotzekoa ere.

Pedro Escribano Zerbitzuetako zinegotzi jaunaren hitzetan: “Saio pilotua da proiektu honen funtzionamendua baloratzeko balioko duena, eta, dena espero dugun bezala badoa, alegia, gune honen erabilera-arauak errespetatzen badira, era honetako esparru gehiago sortuko ditugu beste leku batzuetan”.

etiketak: parkea, lanak, Eibar, Itzio, txakurrak