Torrekuako eraikina inauguratuko da larunbatean, hilak 31
Espazioa elkarbizitza eta komunitate-bizitza indartzeko diseinatuta dago. Eraikinaren modernizazioa Next Generation funtsei esker egin da.
Lehengo Torrekuako anbulatorioko eraikinak urtarrilaren 31an irekiko ditu ateak, 13:00etan. Birgaitze lanak egin, eraikina adin guztietarako pertsonentzako gizarte-zentro bilakatu da. Obra herritarrak aspaldi eskatzen ari ziren premia bati erantzutera dator. Izan ere, urteetan ari ziren erreferentziazko espazio bat eskatzen jubilatuentzat, jarduera komunitarioak egin ahal izateko.
Eraikinak Amaña-Legarre jubilatuen etxeaz gain, Gurutze Gorria Gazteriaren lokal bat eta Goyeneche Fundazioko “Garagune” berria —desgaitasun intelektuala dutenentzako arreta eskaintzen du—hartuko ditu. Orain arte “Garagune” programak espazio txikiago batean funtzionatzen zuen, Ardantza eta San Juanen arteko kale-kontoian. Lehengo anbulatoriora lekualdatzean, elkarte honetakoek erosoago eta leku handiagoan garatu ahal izango dituzte beren proiektuak.
Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan, “proiektua lorpen bat da gure bizilagunekin dugun konpromisoari dagokionez. Eraikinaren birgaitze integralak, modernitatea, eraginkortasuna eta irisgarritasuna uztartzen dituenak, programak erosotasunez garatzeko moduko instalazioak eskaintzen ditu bai pertsona nagusiei begira, bai Goyeneche Fundazioko eta Gurutze Gorriko erabiltzaileei begira. Zentro hau espazio fisikoa izatetik harago, topagune bat ere bada, zeinean auzoko komunitate-bizitza indartuta aterako den”.
“Zentro honekin erakusten ari gara gizarte- eta komunitate-zerbitzuetan inbertitzeak gure nagusien bizi-kalitatea hobetzeaz gain, auzoa ere dinamizatu egiten duela, parte-hartze aukera berriak sortzen dituela eta Eibar herri modernoago, inklusiboago eta jasangarriago egiten duela. Denongan pentsatuta eraiki dugu espazio hau, ahalbidetuko baitugu belaunaldi desberdinak elkarrekin egotea, ikastea eta disfrutatzea”.
Bestalde, Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak zera nabarmendu du: “Zentro hau egitea urrats bat gehiago da belaunaldien arteko interakzioa bultzatzeko. Haur, nerabe, heldu eta nagusiek parte hartu ahal izango dute komunitatearen integrazioa eta ongizatea sustatzen duten tailer, ikastaro, aisialdi-jarduera eta gizarte-programetan. Gure helburua da espazio ireki, irisgarri eta parte-hartzailea izatea.
Lehengo anbulatorioren eraldaketak Next Generationeko europar funtsak jaso ditu, baita Espainiako Gobernuaren dirulaguntza ere. Lanak espazio publikoen energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzera begira dauden programen barruan sartzen dira. Fatxada eta estalkia guztiz berriztu, klimatizazio-sistema eraginkorrak jarri, eta barruko espazioak egokitu dira oztoporik gabeko mugikortasuna bermatzeko, igogailua eta egokitutako eskailerak jarriz.
Horrez gain, formakuntzarako gelak, tailerrak eta bilerak egiteko erabilera anitzeko espazioak eta aisialdirako guneak egokitu dira. Banakako zen taldekako arretarako gelak ere aurreikusten dira, pribatutasun eta erosotasun zainduz pertsona nagusiei ematen zaizkien zerbitzuetan eta fundazioen gizarte-programetan.
Zentroak kafetegia ere izango du; hautaketa-prozesua urtarrilaren 30era arte egongo da irekita, ENE Eibarko Nagusien Elkartearen bitartez. Parte-hartzeko oinarriak Beheko Tokia, Urki eta Ipurua gizarte-zentroetan daude eskuragarri. Espazio hau jatetxea izateaz gain, bizilagunak biltzeko gunea ere izango da, eta, horrela, gizarte kohesioa eta herritarren parte-hartzea bultzatuko du.
Inaugurazio honekin lehengo Torrekuako anbulatorioa modernitatearen eta bizitza komunitarioaren erreferente bihurtuko da, non pertsona nagusiei eskainitako arretak heziketarekin, aisialdiarekin eta gizarte-programekin bat egiten duen, espazio irisgarri eta jasangarri batean.


