Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Sostoako haur-parkearen jolas-elementuak berritzeko lizitazioa atera du Udalak

Sostoako haur-parkearen artxiboko irudia.

Sostoako haur-parkearen artxiboko irudia.

2023/07/07

Lizitazioak 30.000 euroko kostua izango du eta 5 asteko epea, eta jolas-elementu berriak jarriko dira, orain daudenen antzekoak. Umeentzako aisialdirako espazioak eraberritzeko eta espazio berriak sortzeko udal-planen barruan kokatzen da jarduketa hau.

Eibarko Udalak Sostoa kaleko 2 zenbakiaren inguruan dagoen haur-parkeko elementuak eraberritu egingo ditu; horretarako, lizitazio bat atera du 30.000 euroko zenbatekoarekin (BEZa barne) eta 5 asteko egikaritze-epearekin. Enpresek uztailaren 24ra arte (egun hori barne) aurkeztu ahalko dituzten eskaintzak.

Elementu berriak orain daudenen antzekoak izango dira; alegia, txirrista-etxola, saski erako zabua, habia erako zabua eta balantzina.  

Jolas-elementu guztiak berriak izango dira, baina, kontuan hartuta txirrista egoera onean dagoela, Udalak beste parke batean jarriko du.

Horrela, Udalak jarduera jasangarriak egiteko eta birziklapena eta berrerabilera sustatzeko konpromisoari eusten dio, eta, aldi berean, baliabide ekonomiko eta materialen erabilera arduratsua egiten du.

Jarduera honekin batera, Udalak jolas-eremuaren inguruan ere esku hartuko du eta, hala, Udal Lantaldeak bankuak hobetu eta konponduko ditu.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Sostoako parkearen jolas-elementuak eraberrituta, aurrera jarraitzen dugu neska-mutikoen jolasguneak eta haien segurtasuna hobetzeko eta modernizatzeko egitasmoarekin.”

Udalak azken lau urteotan, herriko hainbat lekutan egin ditu jarduketak, hala nola Txaltxazelaian, Tiburtzio Anituan, Torrekuan, Egogainen, Urkizun, Legarren, Saratsuegin, Barrenan edo Amañako elizaren plazatxoan.  

Tirolina berria Arraten

Arrateko gurutzetik gertu dagoen parkean tirolina bat jartzeko lanak hasiko ditu aste honetan Udalak.  Hala, aisialdirako ekipamendu berri bat jarriko da ingurune horretan. Aurrekontua 18.000 euro ingurukoa izan da (BEZa barne).  Tirolina 20 metro luze izango da.