Eibarko Udala

Saratsuegiko skate-pista berritzeko lanak datorren astelehenean, hilak 27, hasiko dira

2023/02/21
Artxiboko argazkia.

Udalak kirol hau egiten dutenen eskariari erantzungo dioten instalazioak jarri nahi ditu erabiltzaileen eskura. Obrek 217.376 euroko kostua izango dute eta bi hilabete inguru iraungo dute.

Eibarko Saratsuegi aldean dagoen skate-pista berritzeko lanak datorren astelehenean, otsailak 27, hasiko dira eta bi hilabete iraungo dute.  Obrak Roig i Fills Associats SA enpresak egingo ditu, harixe adjudikatu baitzitzaizkion lanak 217.376,50 eurotan.

Proiektuari aplikatuko zaion diseinu berria Daniel Yábar Ramos arkitektoak egin du. Planteamendua zen egungo skate-parkea eraberritu beharra zegoela eta Eibarrek skate, BMX eta roller bezalako hiri-kiroletarako instalazio bat eduki beharra zeukala.  Egitasmoak, ezaugarri teknikoez gain, skate-parkeetako adituen irizpideak jasotzen zituen, eta kontuan hartzen zituen halako kirol-modalitateetan aritzen diren pertsonen proposamenak eta iradokizunak.  

Horregatik, jarduketa berriaren bidez, espazio publiko hori berreskuratu eta dinamizatzea lortuko da, Udalaren eta erabiltzaileen artean adostutako diseinu batekin.  Horrela, kirol-instalazio bat jarriko da, giltzurrun formako arrapala edo ‘bowl’ erako gune bat izango duena, bai eta kale edo ‘street’ eremu bat ere, hainbat modalitatetarako erabiltzeko aukera emango duena.

Gainera, askotariko oztopoak jarri eta arrapalaren eta ‘street’-aren erabilera orekatzen saiatuko da.

Azkenik, dauden hesien ordez berriak jarriko dira, publikoarentzako harmailetako hormak saneatu eta pintatu egingo dira, paperontzi berriak jarri eta argiteriaren zutoinak birkokatu egingo dira.  

Lanen hasiera dela-eta, Jon Iraola alkateak zera adierazi du: “Udaletik skaterrei merezi duten espazioa eskaini nahi diegu, kirol honetan modu seguruan jarduteko eta haien beharretara egokitutako instalazio modernoekin, betiere beraien irizpideak kontuan hartuta.

Saratsuegiko parkeak aspalditik ditu skatean aritzeko instalazioak, etxebizitzak eraiki zirenetik ia. Hala ere, urteekin, azpiegitura hori hondatzen joan da eta zaharkituta geratu da erabiltzaileek kirol urbanoak egiteko eskatzen dituzten joera berrietarako.

Hala, jarduera hauen helburua da ingurunea dinamizatzea, kirol urbanoen eszenatokia hobetzea eta espazio publiko hori inklusiboagoa egitea.

Skate-parkearen berrikuntza joan den azaroan adjudikatu zuen Udalak, eta administrazio-izapideak formalizatu ondoren, obrak datorren astean hasiko dira.