Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Saratsuegiko Skate-parkea berriztu da, 246.675 euroko inbertsio bat egin ondoren; erabiltzaileek proiektuan parte hartu dute

Saratsuegiko Skate-parkea. Artxiboko irudia.

Saratsuegiko Skate-parkea. Artxiboko irudia.

2024/01/25

Gipuzkoako Foru Aldundiak 80.000 euroko dirulaguntza eman du. Inbertsio honekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 830.00 euroko ekarpena egin du Debabarreneko kirol-azpiegituretarako.

Eibarko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Saratsuegiko Skate-parkea berriztu du.  Marta Pastor Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak gaur goizean Jon Iraola Eibarko alkatearekin batera azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 830.000 euro inbertitu ditu Debabarrena eskualdean, Eibarko, Elgoibarko eta Mutrikuko kirol-azpiegiturak hobetzeko, Goizane Álvarez diputatuak zuzentzen duen Kiroletako Foru Departamentuak bultzatutako 2023-2025 Kirol Ekipamenduen Planari esker.

Jon Iraola alkateak prentsaurreko batean parte hartu du, Marta Pastor Kirol zuzendariarekin batera, Saratsuegiko skatepark berrian. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 80.000 euro inbertitu ditu Saratsuegiko skate-pista berritzeko proiekturako, zeinak 246.675 euroko kostua izan duen.  

Obrei esker, instalazio hori egokitu ahal izan da “skate-a, patinajea eta bizikletekin jauziak egitea gustuko dituztenen eskaeretara”. Pista berria berrizterakoan, kontuan hartu da kirol honetan izaten ari diren berritasunak.  Gaur Eibarrek egungo premietara egokitutako kirol urbanoetarako (skate-a, BMX eta rollerskate-a) instalazio bat du.  

2023-2025 Kirol Ekipamenduen Planak 35 udalerri eta 523.091 pertsona hartzen ditu barne, hau da, gipuzkoarren % 72,8 (10 gipuzkoarretik 7), eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak 8.180.000 €-ko partida du kirol-instalazioak hobetzeko.

Saratsuegiko parkeak skatepark egiteko azpiegitura bat zuen duela urte batzuetatik, baina urteak igaro ahala instalazio hori hondatuz joan zen, eta zaharkituta ere geratu zen kirol urbano deritzen praktika berrietarako, eta, beraz, "garai berrietara" egokitzea eskatzen zuen. “Gaur skaterrek merezi duten lekua dute kirola modu seguruan egiteko beren beharretara egokitutako instalazio batzuetan”, esan du Marta Pastor Kiroletako zuzendariak, instalazio berriaren diseinua Udalaren eta erabiltzaileen artean egin dela azpimarratu ondoren. Lankidetza horri esker, giltzurrun formako arrapala edo ‘bowl’ erako gune bat jarri da, bai eta hainbat modalitatetarako erabiltzeko aukera ematen duen kaleko eremu edo ‘street’ bat ere.

Jon Iraola Eibarko alkateak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari Saratsuegiko skateparkeko hobekuntza-lanak egiten laguntzeagatik. Adierazi duenez, “hobekuntza hauek erabiltzaileen eskaerak entzutearen eta aintzat hartzearen ondorio dira; izan ere, erabiltzaileek zuzenean parte hartu zuten berritze-proiektua egiterakoan. Proposamen zehatzak aurkeztu zituzten, instalazioak berritzearen premia nabarmentzen zutenak. Udalak lanean jarraituko du erabiltzaileen eskariei eta premiei erantzuteko". Azkenik, Jon Iraolak nabarmendu du “Hijos de Gabilondo” obretarako aurreproiektuan pump track bat eraikitzea aurreikusita dagoela, horrela, skate, BMX eta rollerskate erabiltzaileek beste espazio bat izango lukete kirola egiteko.

Bestalde, Pastorrek azaldu du Kirol Zuzendaritzak, Kirol Instalazioen Planaren bidez, inpaktu soziala eragin nahi duela, hiri-eraldaketa bat eraginez instalazioaren beraren inguruan, inguruko parkearen espazioa irekiz eta oinezkoen segurtasuna nabarmen hobetuz. “Gaur, herriko hirigintzan ere eragina duen proiektu bat aurkezten dugu, espazio publiko hau berreskuratu eta dinamizatu nahi duen egitasmo baten bidez, eta, are,  tokiko ekonomia dinamizatzea ere lortu dugu”. Adibidetzat jarri du, erabiltzaile-kopuruaren hazkundearen ondorioz, lortu dela negozioak irekitzea kirol-jarduera honetarako artikulu espezializatuekin.