Eibarko Udala
kirolak

Sanjuanetako Boxeo Gauak berriz ere giroa berotuko du Astelena pilotalekuan ekainaren 12an

2026/06/09
Sanjuanetako Boxeo Gauaren aurkezpena.
Sanjuanetako Boxeo Gauaren aurkezpena.

Gaueko 22:15ean izango da, boxeo amateurra, borroka neoprofesionalak eta Eibarko Hiria Wushu III. Kopa bilduko dituen hitzordua. Eibarko hainbat kirolari izango dira protagonista Astelena berriro ere kontaktu-kirolen epizentro bihurtuko duen gauean.

Datorren ostiralean, ekainaren 12an, 22:15etik aurrera, Astelena pilotalekuak sanjuanetako Boxeo Gauaren beste edizio bat hartuko du —“El Tigre de Amañaren 3. Memoriala”—, Eibarko egutegiko kirol-hitzordurik garrantzitsuenetariko bat.

Emanaldia Eibarko TTATT gimnasioarekin batera antolatu da, eta boxeo amateurra, borroka neoprofesionalak eta Eibarko Hiria Wushu III. Kopa uztartuko ditu, ikusleei ikuskizun, emozio eta goi mailako kirol gaua eskaintzea helburu. Herriko kirolariek hartuko dute parte, beste behin ere, urtero ehunka zale biltzen dituen emanaldiaren erakargarritasun nagusi honetan.

Boxeo-borrokaldiez gain, Eibarko Hiria Wushu III. Kopak borroka-diziplina ikusgarri honetaz gozatzeko aukera emango du, azken urteotan ikusleen artean gero eta interes handiagoa piztu duen apustua sendotuz.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, "gau-ekitaldi hau gure herriaren kirol- nortasunaren parte da. Eibarren boxeoaz berba egitea, esfortzuaz, diziplinaz eta belaunaldiz belaunaldi igaro den tradizio batez berba egitea da. Harro gaude historia, harrobia eta ikuskizuna uztartzen dituen ekitaldi bat babesten jarraitzeaz eta gure kirolariei beren jendearen aurrean lehiatzeko aukera emateaz".

Bestalde, Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak adierazi duenez, "Astelena kirol-gau handi baten agertokia izango da atzera ere. Ringaren eta tatamiaren gainean Eibarko kirolariak egoteak esanahi berezia ematen dio hitzordu honi. Gure herriko klub eta entrenatzaileek urte osoan zehar egiten duten lana aitortzeko eta diziplina horiek publiko berriei hurbiltzeko aukera da".

Sarrerak dagoeneko salgai daude, 15 euroan (eserlekuetan) eta 12 euroan (harmailetan). Egunean bertan leihatilan erosi ahal izango dira 18 euroan eserlekuan eta 15 euroan harmailetan.

Eibarko Udalak eta antolatzaileek herritar guztiak animatu nahi dituzte Astelena frontoira joan eta kirola, ahalegina eta pasioa protagonista nagusi izango dituen gau batez gozatzera.