Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Portaleko udal zerbitzuak abian jarriko dira berriz ere gaurtik aurrera, ekainak 1

Portalea.

Portalea.

2020/06/01

Irekiera modu progresiboan egingo da eta jarraitu beharreko segurtasun eta higiene-neurri guztiak hartuta. Oraingoz zabalduko ez den zerbitzu bakarra Liburutegia izango da, neurri higieniko-sanitarioak hartzeko zain dago-eta.

Portalea udal eraikinak gaur astelehena, ekainak 1, irekiko ditu berriro bere instalazioak, COVID-19ren pandemiak eragindako alarma-egoeraren ondorioz martxotik itxita egon ondoren. Hala, gaurtik aurrera zabalik egongo dira Armagintzaren Museoa, erakusketa-aretoa eta Gizartekintzako bulegoak, azken hori ohiko ordutegian baina aurretiazko txanda hartuta. Lehen fase honetan, Museoaren ordutegia 16:00etatik 20:00etara artekoa izango da, eta erakusketa-aretoarena 18:30etik 20:30era artekoa.

Juan San Martin Liburutegia ez da oraingoz zabalduko, neurri higieniko-sanitarioak eta segurtasunekoak hartzeko zain baitago. Beharrezkoak diren neurriak hartzea lortzen denean irekiko da, baina hasiera batean mailegu-zerbitzua emateko bakarrik. Hala ere, itxialdian zehar 2.800 liburu laga dituzte maileguan.

Portaleko ekipamendua eraikin konplexua da, gutxi gorabehera 8.000 metro koadrokoa, eta hainbat udal zerbitzu daude bertan: Liburutegia, Udal Euskaltegia, Armagintzaren Museoa, bilera-gelak, tailerrak, Marrazki, Zeramika eta Musika Udal Eskolak, areto nagusia, KZgunea, erakusketa-aretoa, eta Gizartekintza, Euskara eta Kultura sailak. 

Instalazioak berriz ere zabaldu behar direla-eta, hartutako neurrien artean daude maskarilla derrigorrean erabiltzea, zerbitzuetan sartu aurretik eskuak garbitzea, eta igogailua pertsona bakar batek erabiltzea, edo, laguntza behar izanez, beste batekin igotzea.

Portalean sartzeko eta irteteko zirkuituei dagokienez, norabide bakarreko zirkuituak ezarri dira, hau da, sarrera nagusitik sartzea eta zerbitzu bakoitzean adierazten diren ateetatik irtetea. Horretarako, seinaleak jarriko dira lurrean. Lehen solairuko zerbitzuak Euskaltegitik irtengo dira ia denak. Erakusketa-aretoa bisitatzen duen jendeak hirugarren solairutik irten beharko du. Eta hirugarren, laugarren eta bosgarren solairuetako zerbitzuetan ere hirugarren solairutik irten beharko da.

Armagintzaren Museoa ohiko zerbitzuekin irekiko da, baina hasiera batean ezingo da bisita gidaturik edo ekitaldirik egin. Erakusketa-aretoan martxoan egitekoak ziren bi erakusketa egongo dira ikusgai. Zehazki, “Emakumeen ekarpenak Eibarko industrian” eta “Lurra, ura eta airea harmonian”, azken hau Saisa taldearena, Satur Peñak eta Isabel Aliagak osatua. Erakusketa biak ekainaren 19ra arte egongo dira zabalik.