Eibarko Udala

Pertsona Nagusien XXIII. Hamabostaldia aurkeztu da

2016/04/13
'Eibar pertsona nagusien lagunkoia' lelopean, edizio berria 2016ko apirilaren 15etik 29ra bitartean izango da. Biztu Jubilatu eta Pentsiodunen Koordinakundearekin, jubilatuen-etxeekin eta Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatu da. Inaugurazio ekitaldia apirilaren 15ean izango da Portalean, 12:00etan.

Eibarko Udaletxeak Pertsona Nagusien XXIII. Hamabostaldiaren aurkezpena hartu du gaur, hilak 13. Edizio berria Biztu Jubilatu eta Pentsiodunen Koordinakundearekin, jubilatuen-etxeekin eta Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatu da. Hamabostaldiak 'Eibar pertsona nagusien lagunkoia' du izenburu eta apirilaren 15etik apirilaren 29ra bitartean izango da.

Inaugurazio ekitaldia apirilaren 15ean,12:00etan, egingo da Portalean. Bertan, Miguel de los Toyos, Eibarko Alkatea; Ainara Tomasena, Matia Institutoko Teknikaria; Idoia Sarasqueta, Eibarko Udaleko Gizartekintzako zinegotzia eta José Ramón Gómez, Biztu Jubilatu eta Pentsionisten Koordinakundearen Presidentea izango dira.

Bestalde, apirilaren 16an eta 17an, Pertsona Nagusiendako Produktu eta Zerbitzuen Azoka egingo da. Udalaren Garapen ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza sailak antolatu du, pertsona nagusiei zuzendutako produktuak eta zerbitzuak dituzten Eibarko denda eta negozioek beren eskaintzaren berri eman dezaten. Horretarako, karpa bat jarriko da Untzaga plazan, larunbatean, goiz eta arratsaldez, jarraian, (10:30-20:00) eta igandean, hilaren 17an (10:30-14:30). Honako hau Udalak antolatzen duen gremioen bosgarren azoka da. Guztira, 12 parte hartzaile izango dira: Eroski Bidaiak, Masajes Isasi, Beittu, Plancha Larruga, Akorde, Elortza botika, Halcon, Zentral Optika, Itxesi belardenda, Buruz, Vitaldent eta Gaes. Helburua da Eibarko merkataritzaren sektoreak kalera ateratzea ikusgai jartzeko eta, horrela, produktu eta zerbitzu horien erosketa bultzatzea.

Zapatuan bertan Kalean kantuz taldearen ikuskizuna izango da Pertsona nagusien azokan, 12:30ean.

Apirilaren 19an, berriz, txangoa antolatu da Donostiara: irteera Egogain autobus geltokitik egingo da, 09:30ean, eta 09:35ean, Beheko Tokian. Ondoren, San Telmora bisita egingo da, 10:30ean. Jarraian, Aguinaga Sagardotegira joateko aukera izango dute bertaratuek, dantzaldia barne.

Apirilaren 21ean, ostegunean, Juan Luis Muguerzaren oroimenez Ibilaldia egingo da. Irteera Untzagatik egingo da, 11.00etan, baita Amañatik eta Ipuruatik ere. Amaitzeko, piskolabisa Ipurua jubilatu-etxean izango dute.

Idoia Sarasqueta zinegotzi eta medikuak “Botikak ondo hartzea: noiz eta nola?” izeneko hitzaldia eskainiko du, bi saiotan, hilaren 25ean, 19:00etan, Untzaga jubilatu-etxean eta apirilaren 28an, 19:00etan, Beheko Tokian.

Aurtengo programaren beste ekimenak honakoak dira: apirilaren 26an, toka- eta igeltoka-txapelketa, Ipurua jubilatu etxean, 11:00etan, eta mahai-jokoen txapelketa, Ipuruan, 17:00etan. Egun berberean, txokolate-jana eta kantuak izango dira San Andres Egoitzan, 16:00etan.

Amaitzeko, apirilaren 29an, herri-bazkaria (paella) eta dantzaldia antolatu dira Legarreko frontoian. Izen-ematea Eibarko jubilatu-etxeetan egin beharko da apirilaren 22ra arte. Sari-banaketa egingo da eta, ondoren, dantzaldia.