Patinete elektrikoen araudi-aldaketen berri eman du Eibarko Udalak
Aldaketa horiek 5/2025 Legean jasotzen dira, eta herritarrei gogorarazten zaie nahitaezkoa dela horiek betetzea.
Eibarko Trafiko eta Mugikortasun Sailak aste honetatik aurrera izango diren lege-aldaketen berri eman nahi die Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailu Elektrikoen (MPI) erabiltzaileei, batez ere, erantzukizun zibilari eta mota horretako ibilgailuen zirkulaziorako asegurua izateko derrigortasunari dagokienez.
Hori guztia indarrean dauden arau orokorrei gehitu behar zaie, hala nola patinete horiek espaloietan, parkeetan eta oinezkoentzako guneetan zirkulatzea berariaz debekatzea, patinetean laguntzailerik eramatea debekatzea, gauez balazta-argiak, tinbrea eta argiztapen-sistemak eta elementu islatzaileak edukitzea nahitaezkoa izatea, gidatzean entzungailuak edo telefono mugikorra erabiltzea debekatzea, eta kaskoa erabiltzea gomendatzea.
Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasuneko zinegotziak azpimarratu duenez, "Trafiko eta Mugikortasunetik oso zorrotzak izango gara arauen betearazpenarekin. Erabiltzaileek arauak bete beharko dituzte bizikidetza on baterako, bereziki, espaloietan, parkeetan eta oinezkoentzako guneetan, non debekatuta dagoen patinete elektriko horiek zirkulatzea; izan ere, ikusten dugu ez betetzeak oinezkoentzako arrisku-egoerak sortzen dituela —azken aldian izandako istripuak dira horren lekuko— ".
Indarrean dagoen lege berriak (5/2025 Legea) aldaketak dakartza ibilgailu motordunen zirkulazioko erantzukizun zibilari eta aseguruei buruzko legerian, eta nahitaezko asegurua mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektriko jakin batzuetara zabaltzen du.
Era berean, Ibilgailu Pertsonal Arinaren kategoria berria sortu da. Bertan, plaza bakarreko ibilgailu elektriko hauek sartzen dira: 25 km/h-ko gehieneko abiadura hartzen duten eta 25 kg baino gutxiago pisatzen dutenak, edo gehienez 14 km/h-ko abiadura duten eta 25 kg-ko pisua gainditzen dutenak.
Kategoria berri horretarako aseguruen arloko araudi espezifikoa zehaztu da, eta erabiltzaileei horren berri emango zaie.
Urtarrilaren 26tik aurrera, orain arte ibilgailu motorduntzat hartzen ez ziren eta ezarritako mugak gainditzen dituzten ibilgailuek erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dute indarrean zirkulatu ahal izateko. Aseguru hori eduki ezean, ibilgailua ibilgetu ahal izango da.
Gainera, mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (TZN) kudeatutako erregistro publiko batean izena ematea, zirkulazio-ziurtagiri bat edukitzea, eta identifikazio-etiketa edo plaka ikusgarri bat eramatea.
Zirkulazio-ziurtagiririk eta identifikazio-etiketarik ez duten patineteek 2027ko urtarrilaren 22ra arte soilik zirkulatu ahal izango dute, eta data horretatik aurrera homologatutako ibilgailuek bakarrik izango dute zirkulatzeko baimena.
Eibarko Udalak lege-aldaketa hauen berri eman nahi die herritarrei. Era berean, Udaltzaingoaren agente laguntzaileek informazioa emango diete hirian patinete elektrikoan zirkulatzen duten erabiltzaileei.
Gainera, Alberto de la Hozek zera esan du, "etorkizunean Eibarren trafiko-kamerak jartzeak halako ibilgailuen erabilera desegokia egiten duten pertsonak identifikatzen eta zigortzen lagunduko digu. Bide-segurtasuna oso garrantzitsua da, eta arauak eibartarren segurtasunagatik betetzen direla bermatu behar dugu."