Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Pantaila fonoxurgatzaileak jarriko dira Ardantza eta Amañako tren-geltokien artean

Ardantzako tren geltokiaren artxiboko irudia.

Ardantzako tren geltokiaren artxiboko irudia.

2024/01/08

Eusko Trenbide Sareak erantzun egin dio Udalaren eskabideari trenaren zarata dela-eta. Obrak urtarrilean hasi eta martxoan amaituko dira eta ez diote eragingo trenen trafikoari.

Eibarko Udalaren eskaerari erantzunez, Eusko Tranbide Sareak pantaila fonoxurgatzaileak eta hormigoizko babesak jarriko ditu Ardantza eta Amañako geltokien artean Lanak urtarrilean hasi eta martxoan amaituko dira eta aurrekontua 549.000 eurokoa izango da.

Eibarko Udalak Eusko Tranbide Sareari egindako eskaeren ondorioz hartu da neurria; izan ere, trenek zarata handia ateratzen dute Ardantza, udaletxearen atzealdea, San Andres pasealekua eta Egogain arteko tartean. Alkatetzak egindako eskaerari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak eskatu zuen trena herritik igarotzean eragiten duen inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egiteko, eremua Torrekua kaleraino zabaltzea proposatuz (Eibarko Ospitaleraino), guztira, kilometro bat inguru.

Horretarako, zarata eta bibrazioak neurtzeko bost aparatu jarri ziren. Aparatu horiek asteburuetan ere jaso zituzten datuak, trafikoaren zaratak emaitzak ez desitxuratzeko. Lortutako emaitzetatik, ondorioztatu zen kalitate akustikoko helburuak ez zirela betetzen hainbat gunetan, eta, hortaz, neurri zuzentzaileak hartu behar zirela.

Hala, erabaki da pantaila fonoxurgatzaileak eta babes-elementuak jartzea Ardantza eta Amaña geltokien artean; elementu horiek trenaren inpaktu akustikoa arinduko dute. Moyua SA enpresak egingo dituen obrak, partez, gauez egingo dira, tren-zerbitzuari ez eragiteko.

Jon Iraola alkateak poza adieraztearekin batera, zera esan du: “Panel hauek beharrezkoak dira eibartar askorentzat.  Espero dugu zaraten arazo hau laster desagertzea”. Bestalde, adierazi du hainbat eskaera egiten ari zaizkiola Gipuzkoako Foru Aldundiari, autobideko eta saihesbideko hainbat eremutan zarataren aurkako panelak jartzeko.