Oso arrakastatsuak izan dira Aste Santuko bisita gidatuak

Ehun pertsona inguruk hartu dute parte herrian zehar egindako ibilbide historikoetan.
Aste Santuan Eibarko Udalak antolatutako bisita gidatuek arrakasta handia izan dute. Euskal Herriko eta Espainiako hainbat lekutatik (Elgoibar, Bergara, Donostia, Barakaldo, Madrid, Lekeitio eta Leon) etorritako ehun pertsona inguruk hartu dute parte, herri armaginaren historiaz gehiago jakiteko.
Programa Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak bultzatu du, Debegesarekin lankidetzan, eta apirilaren 17an, 18an, 19an eta 21ean egin da. Parte-hartzea doakoa izan da, eta interesdunek hasi baino 10 minutu lehenago baino ez zuten aurkeztu behar San Andres parrokiako plazatxoan.
Ibilbidean zehar —Estaziño kalean amaitzen zen—, bisitariek Nerea Alustiza Eibarko historialariaren eskutik ezagutu dute Eibarko industria-ondare aparta, Gerra Zibilean herriak izandako aldaketa eta ondorengo susperraldia. Gainera, enpresa enblematikoak nabarmendu dira, hala nola El Casco, Lazpiur, Aurrera edo BH, denak ere herriaren espiritu ekintzailearen ikurrak.
Jon Iraola Eibarko alkateak oso modu positiboan baloratu du ekimenak izan duen harrera: “Poztu egiten gaitu ikusteak bai Eibarko bai kanpoko zenbat jende hurbiltzen den gure historia ezagutzera. Bisita hauek erakusten dute Eibarrek duen erakarpen turistiko eta kulturala”, adierazi du.
Vanesa Hortas Ekonomia Garapeneko zinegotziak hauxe gehitu du: “Udalean jarraituko dugu apustu egiten horrelako ekimenen alde, izan ere, jarduera hauek balioan jartzen dute gure ondarea eta dinamizatu egiten dute herriko ekonomia".