Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Nik Eibarren erosten dot' erosketa-bonuen kanpainak 515.000 euroko inpaktu ekonomikoa izan du Eibarko merkataritzan eta ostalaritzan

'Nik Eibarren erosten dot' logotipoa.

'Nik Eibarren erosten dot' logotipoa.

2020/07/16

Merkataritzarako 6.650 bonu jarri ziren salgai eta denak agortu ziren; ostalaritzan, aldiz, 2.850 bonuetatik % 40 saldu ziren. Eibarko Udalak 250.000 euro bideratu zituen kanpainarako eta “oso balorazio positiboa” egin du, udal ekimen honen helburuak “erabat bete direlako”.

Eibarko Udalak abian jarritako merkataritzarako eta ostalaritzarako erosketa-bonuen kanpaina, 250.000 euroko partida izan zuena, ekainaren 8tik uztailaren 3ra bitartean egin zen, eta 515.000 euro inguruko inpaktu ekonomikoa eragin du hiriko merkataritza-, zerbitzu- eta ostalaritza-sektorean. 

'Nik Eibarren erosten dot 'izeneko ezohiko kanpaina hau Udalaren Txoke-Planaren esparruan garatu da, COVID-19ko osasun-krisiak eragindako ondorio sozioekonomikoak arintzeko.

Kanpainaren balantzea egin ondoren, jakin dugu salgai jarri ziren 9.500 bonuetatik 6.650 saltokiei zegozkiela (guztiak saldu ziren), eta beste 2.850 ostalaritzarako zirela (horietatik % 40 saldu dira). Bonu bakoitzaren prezioa 25 eurokoa zen eta 50 euroko erosketa egin zitekeen.  Alegia, Udalak bonu bakoitzaren prezioaren erdia jarri du, eta beste erdia bezeroak.

Guztira 2.018 bonu-eskaera egin ziren, herriko sei establezimendutan, Eibarko Merkataritza Gune Irekiko bulegoetan, eta Untzagako dorrean horretarako bereziki jarritako lokal batean jaso ahal izan zirenak. Bonuak on-line eta modu presentzialean saldu ziren (65 urtetik gorako pertsona nagusientzat soilik).

Kanpaina honen barruan, bonuen zenbatekoaz gain, Udalak bere gain hartu du Untzagako dorreko bulegoetan bonuak saltzeko bi pertsona kontratatzearen gastuak (Eibarko Merkataritza Gune Irekiko langileak ere egon ziren bertan). Udalak, halaber, bere gain hartu zituen Untzagako lokalaren alokairu-gastuak.

Aipatu beharra dago, ekainaren 8 eta 9an, erosketa-bonuak erosteko lehen egunetan, kolapso bat gertatu zela salmenta-zerbitzarian, bi egun horietan 6.200 bonu baino gehiago saldu zirelako; alegia, telematikoki salmentara atera ziren bonuen % 92, eta modu presentzialean eskura zitezkeen % 72.

Eibarko 200 establezimendu inguruk parte hartu dute kanpainan; haietatik 143 komertzialak eta zerbitzuetakoak ziren, eta 40 inguru ostalaritzakoak. COVID-19aren efektuen ondorioz zigortutako sektoreak dira, eta Udalak, bonuen ildo horrekin, bereziki lagundu nahi izan die.

Udal Garapen Ekonomikoko Sailak kanpainaren “oso balantze positiboa" egin du, Eibarko merkataritza-, zerbitzu- eta ostalaritza-sektoreetan "eragin ekonomiko handia" lortu delako, eta "kanpainaren helburuak erabat bete direlako". Kanpaina Udalak finantzatu du, Eibar Merkataritza Zentro Irekiak koordinatu eta kudeatu, eta Merkataritzaren Bulego Teknikoaren aholkularitza izan du.